SOSLAIA

Dubby Ambassah (1968-2020): Okondoren izena reggaearen mundura eraman zuen musikaria

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mai. 23a, 13:52
Dubby Ambassah, musika emanaldi batean musika jartzen. / ROOTS Santander

Herriaren izena zeraman zigilua sortu zuen eta nazioarteko hainbat artistaren lanak ekoiztu zituen asteazkenean zendutako musikariak.

Asteazkenean hil zen Roberto Martinez musika ekoizlea, minbizi baten ondorioz, 52 urte zituela. Dubby Ambassah izen artistikoarekin ezagutzen zuten reggae komunitatean eta, jaiotzez Sopelakoa izan arren, Okondoko baserri batean bizi izan zen urte luzez, bere senide batzuekin batera.

Okondok pisu nabarmena izan zuen Ambassahren bizitzan. Horren seinale da herriaren izena jarri izana Pirates Choice Recordings  zigiluaren barruan sortutako azpizigiluari. Antza, Afrikan Okondo izeneko tribu bat dago. Zigiluan afrikar baten marrazkia agertzen da, Okondo herriaren eta Okondo tribuaren arteko lotura eginez. 

Aintzidaria reggae giroan  
Ibilbide oparoa egin zuen okondoar-sopelarrak reggaearen munduan, musikari, aditu zein bildumazale moduan.

Aitzindaria izan zen musika estilo horren zabalkundean. 90. hamarkadan The Ambassador taldea sortu zuen (hortik datorkio bere izen artistikoa). Orduz geroztik beste hainbat talde eta proiektutan hartu zuen parte, Euskal Herrian, Kantabrian zein Londresen: Vibes All-Stars, Dub Generation, Lone Ark Riddim Force, Basque Dub Foundation, Loud & Lone, The Producers edota Message.

Bakarkako lanak ere argitaratu zituen, “Rub A Dub Showcase I”,  “Rub A Dub Showcase II”, besteak beste. 

Ekoizle gisa, nazioartean arrakasta
Mende berriarekin batera musika ekoizle funtzioa hartu zuen gehienbat. Orduan sortu zituen arestian aipatutako Pirates Choice Recordings  zigilua eta Okondo azpizigilua (Crucial Ruler izeneko beste bat ere gorpuztu zuen, ekoizpen digitalera bideratua zegoena gehienbat).

Artista britainiar zein jamaikar ugariren lanak ekoiztu zituen orduan: Sugar Minnot, Linval Thompson, Kenny Knotts, Horace Martin edota Clive Mathews.

Dubby Ambassah berak elkarrizketa batean azaldu zuenez, ekoizpen horiek arrakasta nabarmena lortu zuten nazioartean, hainbat zerrendetako goiko postuak erdiesteraino. 

Perkusionista moduan ere aritu zen, Santanderreko Roberto Sanchez ekoizlearen bidelagun moduan.  Reggae eszenako hainbat izen esanguratsurekin batera aritu zen zuzeneko zein estudioko sesioetan: Earl Sixteen, Viceroys, Earl Zero, Rod Taylor, Noel Ellis edota Willie Williams.  

DJ moduan ere lortu zuen arrakasta, Bomb Bass Hi Fi sound systemarekin, Bilboko Fever klubean, eta abeslari zein irrati esatari moduan ere aritu izan zen une batzuetan.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide