Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Punk gogor eta zatarra jorratu dugu diskoan”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 17a, 07:30

Okondo eta Arrigorriagako lau gaztek osatzen dute SISTEMATIKO taldea. Lehen diskoa argitaratu berri dute. 

Autobidearen parean dagoen pasealeku batera etorri gara elkarrizketa egitera. Zergatik? 

Eder Ortiz: Toki hau garrantzitsua da taldearen sorreran. Aketza eta biok etortzen ginen hona gitarra espainolarekin eta armonikarekin. Hemen hasi ginen musika egiten. Gero, institutuan geundenean 12-13 urterekin, orain entseatzen dugu toki berera jaisten ginen entseatzera, beste bateria eta baxujole batzuekin.

Diskoa argitaratu berri duzue. Zein izan da taldearen ibilbidea orain arte?

Lander Urriz: Endika, Eder eta ni hasi ginen lokalean entseatzen. Baina soinu aldetik zerbait falta zitzaigula sumatzen genuen. Ederrek abestu eta gitarra jotzen zuen, baina denbora pasa ahala Aketzari deitu genion eta baietz esan zigun. Horrela sortu zen taldea. 

Aketza Alvarez: Laurak batera hasi ginen, baina nik taldea utzi nuen denboraldi batez, talka batzuk izan nituelako Ederrekin, garai hartan nahiko zoratuta zebilelako. San Migelen jotzeko hilabete falta zenean animatu ninduen Ederrek abestiak ikasi eta eurekin jotzera. Inoiz ez dugu berriz horren eszenatoki handian jo. Ordutik aurrera Sistematiko laurak izan gara berriz.

Eder Ortiz: Ez genuen talde zehatzik buruan. Gure lehen entseguan Urriz eta ni egon ginen. Nire gitarrak lauzpabost soka baino ez zituen. Antisocial izeneko abesti bat sortu genuen, baina kaka hutsa zen eta ez genuen berriz jo. Hortik aurrera Endikarekin jotzen hasi ginen. Gure erreferentziak Eskupitajo eta Animales Muertos bezalako taldeak dira. 

Nire aldetik, Oi The Arrase eta Suspenders ere gogoko nituen, baina punk zikinera jo genuen. 1980-1990. hamarkadetako taldeak dira gure erreferentzia nagusia. Hasieran ez genekien jotzen. Urrizek urtebete zeraman bateria jotzen, Endikak astebete zeraman baxuarekin eta nik gitarrarekin erritmoa galtzen nuen sarritan. Baina elkarrekin ikasten hasi ginen, punk eta hardcorea uztartuta.

Zer nolako diskoa da?

Eder Ortiz: Zortzi abesti genituen grabatzeko prest. Gure lagun Josebari deitu genion, Alubia Asesina Records-ekoa. Berarekin grabatzen hasi ginen. Hasieratik esan genion zer soinu mota nahi genuen. Ez genuen ohiko punk-rock soinua nahi. Ohikoa baino punk gogor eta zatarragoa lortu nahi genuen, eta lortu dugula uste dugu. Hasieran soinu apur bat pattalagoa genuen,baina grabatzen eta gauzak probatzen joan ahala disko txukuna egitea lortu dugu, oso gogorra. 

Zortzi abesti ditu lanak, estilo berekoak. “Punk-zapatilla” deitzen diogu guk, oso punk gogor eta azkarra delako. 

Aketza Alvarez: Burua mugitzeko punka da, erritmo tematiekin osatua. 

Eta letrei dagokionez?

Eder Ortiz: Letrak nik egiten ditut. Ez dute misterio handirik. Gogoko ez ditudan gauzen inguruan idazten dut. Gorrotoa transmititzen saiatzen naiz, taberna bat birrintzeko gogoak ematen dituzten letrekin.

Zer nolako harrera izan du diskoak?

Endika Lopez: Hasieran 50 kopia egin genituen eta oso azkar saldu ziren. Gauzak hala, beste 50 kopia eskatu ditugu. Aiaraldean aritu gara jotzen batez ere. Lagunen artean egon gara batez ere, baina jende berria ere ezagutu dugu, eta lagun onak egin ditugu. Aurrera begira jotzen jarraitzea da gure asmoa. Hori da egin nahi duguna. 

Zer nolako eragina izan du koronabirusak taldearen proiektuetan?

Endika Lopez: Toki publiko batean entseatzen dugu, eta orain itxita dago. Ondorioz, ezin dugu entseatu. Ireki arte itxaron beharko dugu, ez dugulako lokal bat alokatzeko dirurik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide