OKONDOKO BATZOKIKO SUTEA

“Ez dakigu Batzokia noiz ireki ahal izango dugun, gauza asko baloratu behar ditugu lehenbizi”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 26a, 11:48

Tabernako sukaldea eta biltegia kaltetu ditu suteak batez ere. / Arabako Foru Suhiltzaileak

Egia sendiko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete babesa helarazi dieten bizilagun guztiei. 

Ostiral goizaldean Okondoko Batzokian jazotako sutea kolpe latza izan da Egia familiarentzat. Hiru ahizpen artean kudeatzen dute taberna, eta hori da euren diru-iturri bakarra. “5:20ak aldera deitu ninduten segurtasun enpresako arduradunek, tabernan alarma piztu zela eta Ertzaintza deituko zutela esanez”, azaldu du Isabel Egiak, “nire ahizpa eraikin berean bizi da, amarekin, eta leihoa zabalik zuenez segituan nabaritu zuen ke usaina”. 

Ez dute oso argi non sortu zen sutea, sukaldean edo gaineko biltegian, baina kaltea handia izan zen, biltegia beteta zegoelako. “Plastikozko ontziak eta kartoiak zeuden, eta baita ardo zein likore ugari ere”. Material guzti horrek erregai funtzioa bete zuen, eta “erabat kiskali” zen gunea, Egiak nabarmendu duenez. 

Suhiltzaileak “berehala” iritsi zirela gaineratu du tabernako kudeatzaileak, itxaronaldia “amaigabea” izan arren: “Kamioi eta auto ugari bertaratu ziren, eta denbora tarte bat behar izan zuten sua guztiz itzaltzeko”. 

Buruari buelta ugari

Ostiral goizetik aurrera Batzokian eman dute Egiatarrek denbora gehiena. Zaila zaie suteak eragindako kalteen benetako dimentsioa kalkulatzea. “Biltegia nahiko beteta zegoen, baina den-dena kiskali da. Kristalak baino ez daude lurrean. Gauzak hala, ez dakigu zehazki zenbateko galera izan dugun”. 

Gauzak hala, ez dakite Batzokia noiz ireki ahalko duten berriz, ezta berriz irekitzerik izango duten ere. “Aseguruarekin hitz egin behar dugu lehenbizi, zenbat ordainduko diguten jakiteko. Ondoren, aditu bati deitu beharko diogu, kalteak kalkulatu eta dena berriz martxan jartzeko aurrekontu bat osatzeko. Ez dugu beste munduko ezer eskatzen, baina gutxieneko inbertsio bat egin beharko dugu”. 

Koronabirusaren krisiak ere izango du eragina tabernaren etorkizunean. “Hau COVID-19aren krisia baino lehen gertatu izan balitz dudarik gabe irekiko genuke berriz, baina orain ez dugu horren argi, une batetik bestera berriz konfinamenduan sartu ahalko ginatekeelako eta tabernetara jotzen duen jende kopurua murriztu delako”. 

Bizilagunen elkartasuna

Egia ahizpek eskerrak eman nahi izan dizkiete egun hauetan babesa helarazi dieten bizilagun guztiei. “Batzuk mezuak bidali dizkigute, behar dugun horretan laguntzeko prest daudela esanez. Beste batzuk, aldiz, tabernara gerturatu dira animoak ematera. Kafeak, pastak eta janaria ere eman dizkigute”. Udalaren partetik jasotako tratua ere eskertu dute: “Hemen egon dira gurekin”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide