Udaz blai

Okondoko auzo eta mendietatik 5 ibilbide

Izar Mendiguren Cosgaya 2013ko abu. 30a, 09:47

Mendi artean egonik ere, zailtasun maila ezberdineko txango andana egiteko aukera eskaintzen du Okondok. Gallarraga du mendi garaiena, baina auzo eta baserrietatik ere paisaia bikainaz goza daiteke.

Nork uste zuen Okondon zer eginik ez dagoela? Sodupe, Aiara eta Laudioko mugen artean, badira ibilian gauza daitezkeen zenbait ibilbide, labur eta luze. Guzti horiek dokumentatu dituzte Okondoko Udalaren webgunean, leku interesgarriak barne. 

Gallarraga da Okondoko puntarik gorena. Ganekogortara jotzeko ohitura ere badute askok, bi gailurrak nahiko gertu baitaude. Landeta baserritik abiatzen da Gallarragarako bidea, eta 4 orduko zeharkaldia da. Guztira, 13.9 kilometro dira Gallarraga (900 metro) eta Ganekogorta (999  metro) batzeko distantzia. Bidean, behiak, zaldiak edota saiak topatuko ditu ibiltariak. Mendilerroari dagokionez, EAEko Korridore Ekologikoen Sareko eremu gisa katalogatua dago, eta, besteak beste, bisoi europarra aurki daiteke bertan. 

Untxiaren kobazuloa barne hartzen du ibilbide honek, kareharrizko geruzan sortutako barrunbea. Horrez gain, Miñaurreko gaztainondoak zeharkatzen ditu txangoak. "Horien adarrak erabiltzen zituzten burdinoletan ikatza egiteko". 12.5 kilometroko zeharkaldia 3 ordu eta 10 minutuan egiten da, gutxi gorabehera, eta Agilatos eta Zartuña mendiak barne hartzen ditu. Historikoki ere, badu mamia inguruak: "Eremu maldatsu honek liskarrak sortu zituen Okondo eta Gueñes artean, 1574an, Exekuzio Gutunak Okondori aitortu ziolako eremuaren titulartasuna". 

Beste ibilbide bat San Romango elizatik 12.1 kilometroko itzulia da, San Roman, Gazteluzar,... lotzen dituena. 3 ordu eta 15 minututan osatzen da. Ardi eta behien artean igarotzen da bidea, eta Bilboko Burdin Hesiaren parte da. Izan ere, Gazteluzar gailurretik gertu 2 harlangaitz-hormak daude, Guda Zibilean Bilbo defendatzeko eraikiak. Horrez gain, Aretxarro, Mareazulo eta Molingitxi kobazuloak edota Jentilen leizea elkartzen ditu zirkuituak. Ugalde auzoan bukatzen da etapa, Zurikaldai jauregian, hain zuzen. Ibilbidea, oro har, malda eta zailtasun gabea da, pista eta harrizko bidea. 

Untzalde, Pagolar eta Markuartu

Igerilekuetatik irtenda, Okondoko beste mendi bat ezagutzeko parada da honakoa: Pagolar. Inguruko pagoek eman zioten tontorrari izena, eta Okondo haranaren bistak barne hartzen ditu. Markuartuk, bestalde, baserri eta Ganekogorta zein Gallarragako magalez gozatzeko parada ematen du. 12.8 kilometroko ibilaldia da, eta 3 ordu eta 40 minutuan buka daiteke. Bidearen ezaugarriei dagokienez, azken 2 kilometroak salbu, ibilera errazekoa da. Pagolarrerako tartea pista eta bidezidorrez horitua dago. Hala ere, "desbideratzeei arreta jarri behar zaie", nabarmendu dutenez.

Untzako eliza da beste ibilbide honen hasiera eta helmuga puntua. Untzako Santa Maria parrokia-eliza, Otaolako San Sebastian ermita eta Peñahinchada zeharkatzen ditu. Azken hau, 1.80 metroko hareharriak egin du ezagun, "Okondo eta Gordexolaren arteko muga zehazten du, eta Bikirrio gainaren azpian dago. Mahatsondoen panoramika ederra ikus daiteke bertatik". Txakolinaren lekuko da Basoaldu auzoa igarotakoan ikusten den Astobiza upategia, besteak beste. Orotara, 13.1 kilometroko zeharkaldia da, eta 3 ordu eta 15 minutuan gauzatzen da, batez beste.

Okondo ibilian ezagutu nahi duenarentzat, informazio gehiago dago udalaren webgunean.

Argazkiak: Aiaraldea.eus, Okondoko Udala, Laudioko Udala eta Astobiza Txakolindegia

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide