Egun osoko egitarauaz egongo da gaur -abuztuak 24- Okondoko futbol zelaiko karpan. 12:00etan burbuila erraldoiak egiteko tailerra izango dute, 18:30ean bakarrizketa eskainiko du Iñigo Salinero umoregileak, eta 21:30ean Kepa Sojo zinemagile laudioarraren La pequeña Suiza proiektatuko da, Ermualden eta Artziniegan grabatutako filma (Iñigo Salinero agertzen da bertan):
Okondoko Udalak hainbat jarduera eskaini ditu futbol zelaiko karpan abuztuan zehar. Iragan ostiralean hitzaldia eman zuen herriko bizilaguna den Inma Roiz idazleak (hemen goian ikusi daiteke udalak solasaldian eginiko argazkiak).
Datorren asteko astelehenean -hilaren 31- magia tailerrak eta ikuskizuna antolatu dituzte 18:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren. Irailaren 4an, aldiz, Escupido amor antzezlana ikusteko aukera egongo da.