Edateko Uraren Tratamendurako Estazioa konpontzen eta eguneratzen ari da udala

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 7a, 07:30
Datozen egunetan amaituko dituzte lanak. / Okondoko Udala

Duela aste batzuk ekin zieten lanei. 40.000 euro inguru baliatuko dituzte guztira eta datozen egunetan amaituko dituzte lanak. 

Duela aste batzuk ekin zion Okondoko Udalak Edateko Uraren Tratamendurako Estazioa konpondu eta eguneratzeari. Enpresa berri bat kontratatu dute lanak egiteko, eta kontrol-balbula berria jartzea ahalbidetuko du horrek, estazioak egin beharreko lanak automatizatzeko. 

“Bi turbidimetro jarri dira, lau neurketekin”, zehaztu du tokiko erakundeak. Tresna horien bidez uretako uhertasuna modu zehatzean neurtu ahal izango da. Ugalde eta Asunsako iturburuetatik datorren ura kontrolatzeko ere balioko dute gailu berri horiek. 

Jon Escuzak azaldu du hilabeteak daramatzatela lanean “aspalditik dagoen arazo honi irtenbidea emateko”. Alkateak zehaztu duenez, iragazkiak ere aldatu behar izan dituzte, “denboraren poderioz” kaltetuta zeudelako. "Bypass-ak ere ihes ugari zituen, eta elementu hori oso garrantzitsua da".

Gainera, sistema pneumatikoan zeuden hodiak ere hautsita zeuden eta ezin ziren automatikoki erabili. “Eskuz soilik maneiatu zitezkeen orain arte”.  

Uraren azterketa

Escuzak jakinarazi du astelehenean uraren uhertasuna aztertu zutela udalerriko hainbat puntutan. “Uraren kalitatea Osasun Sailak eskatzen dituen parametroen barruan dagoela diote neurketa horien emaitzek”. 

Alkateak nabarmendu du obrak datozen egunetan amaituko direla. 40.000 euroko aurrekontua baliatzen ari dira proiektua gauzatzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide