DAVID SOJO DIEGO

“Migraina tratamendu psikologiko batekin gainditu daitekeela frogatu nahi izan dut liburuan”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 14a, 07:00
Okondoko bizilaguna da David Sojo Diego. / D.S.D.

DAVID SOJO DIEGO (Okondo, 1978) psikologoa da eta La migraña no se cura, se desactiva liburua plazaratu berri du. 

Migrainei buruz liburua plazaratu berri duzu, hainbat urteko ikerketaren ostean. Nolakoa izan da prozesua?

Karrera amaitu nuenean, lan egiten hasi nintzen Deustuko Unibertsitateko gaixotasun arraroen sailean, doktoretza lortzeko. Hainbat gauza nituen ikertzeko, baina migrainak aukeratu nituen, gaixotasun horrek baduelako alde psikologiko handia, eta interesatu ahal zitzaidala ikusi nuen. 

Ikertzen hasi nintzenean, ikusi nuen badaudela gaia oso bestelako ikuspuntutik lantzen ari ziren adituak. Unibertsitateari planteatu nion bide hori jarraitzeko, baina erantzun zidaten horrek ez zuela etorkizunik. 

Gauzak hala, doktoretza albo batera uztea eta bide berri hori jarraitzea erabaki nuen. 

Zertan datza bide hori?

Badaude mina beste modu batera tratatzen duten fisioterapeutak eta neurologoak. Eriarekin hitz egitera mugatzen dira. Hori ikustean konturatu nintzen eurak egiten zeudena tratamendu psikologikoa zela. Aditu horiek tratamendu bat aplikatzen dute, baina ez dakite zehatz mehaz zergatik funtzionatzen duen. 

Hori ikertzeari ekin nion: mina nola sortzen den eta nola gainditu daitekeen. Migrainan zentratu nintzen, minik fokalizatuena delako eta tratamendu horrek funtzionatzen duela frogatzeko modurik errazena irudi zitzaidalako. 

Nola garatu duzu ikerketa? Lan bibliografikoa izan da edo kasu praktikoak ere burutu dituzu?

Bi alorrak landu ditut. Hau ikertzen hasi nintzenean, konturatu nintzen ego asko daudela. Prestigio handia duen pertsona bati esaten diozunean egiten ari dena agian ez dela guztiz zuzena, haserretu egiten da, eta nahikotxo gainera. 

Aipatutako ikerketa lerro horretan idatzitako guztia irakurtzeari ekin nion, eta pazienteetan praktikan jartzen hasi nintzen. Laudioko Fibromialgia Elkartean egon nintzen, eta bertako kide batzuekin probatu nituen tratamenduak.

Asko ikasi dut eurekin, eta balio izan zidan frogatzeko zenbait gauza aplikatuta, jendeak hoberantz jotzen duela. Bide horretatik jarraitu nuen, beraz. Apurka-apurka ikasi nuen, eta dena sistematizatzeari ekin nion, teorikoki zein praktikoki. 

“Mina emozioa da, ez da termino absolututan existitzen”

Orain badakizu zergatik funtzionatzen duen tratamendu horrek?

Gauza bat jakin behar dugu lehenbizi: mina emozioa da. Gauzak hala, mina ez da termino absolutuetan existitzen. Detektatutako mehatxu baten aurrean dagoen erreakzioa da mina.

Pentsatzen dugu mina “erreala” dela zerbait fisikoak justifikatzen duenean, eta “asmatua” dela, aldiz, ez dagoenean min hori justifikatuko duen ezer fisikorik. 

Baina, jatorriari begiratzen badiogu, ondorioztatu dezakegu min oro dela psikologikoa. Mina egoteko gorputzaren “balorazio” bat egon behar da lehenbizi. Hanka bat apurtzen duzunean, adibidez, hankak ez dizu berez minik ematen. Zure organismoak horren gainean duen iritzia da mina ematen dizuna. 

Ehun batek mina emateko gaitasuna duela pentsatzea lehoi batek beldurra emateko gaitasuna duela pentsatzen bezalakoa da. Lehoiak ez du beldurrik ematen, informazio bat ematen du. Zure gorputzak informazio hori prozesatzen du eta animalia bere segurtasunerako arriskutsua dela epaitzen badu, erantzuna jartzen du abian, hurbildu ez zaitezen. 

Kasu honetan berdina gertatzen da: sorbaldan mina baduzu ez du esan nahi sorbaldan zerbait duzula, zure buruak hori ebatzi duela baizik. Batzuetan ebazpen hori zuzena da eta beste batzuetan ez.

Uso batek izua sortu dezakeen bezala, gazta batek migraina sortu dezake. Medizinak organismoan gaizki zer dagoen ikertzen du, eta batzuetan lehenbiziko balorazio hori da gaizki dagoena. Gure gorputza erratu egiten da batzuetan. Erreakzio horiek ez dira onak edo txarrak, apropos edo ez aproposak baizik. 

Migraina defentsa-mekanismoa da, eta bere burua indartzen du, gorputzak mekanismo hori funtzionatzen duela ondorioztatzen duelako, bizirik jarraitzen duzulako. Migraina bat baduzu eta bizirik jarraitzen baduzu zure gorputzak migraina sortzen jarraituko du, erantzunak funtzionatzen duela ulertzen duelako. 

“Sorbaldan mina baduzu ez du esan nahi sorbaldan zerbait duzula, zure buruak hori ebatzi duela baizik. Batzuetan ebazpen hori zuzena da eta beste batzuetan ez"

Garrantzitsuena ez da buruko mina izatea, horren aurrean egiten duzuna baizik, mina horren arabera mantendu edo desagertuko baita. 

Orduan, esan nahi duzuna da migrainek ez dutela jatorri fisikoa eta, ondorioz, tratamendu psikologiko batekin gainditu ahal direla?

Noski. Mina duen pertsona bati psikologoarengana jo behar duela esaten diozunean gaizki begiratzen dizu, ez duelako uste bere mina “asmatua” denik. Baina ez dakiguna da jatorrian min oro dela asmatua, min fisikoa egon edo ez. Zure gorputzaren aurretiazko baloraziorik gabe ezin daiteke minik egon. Mina sinesmen eta balore sistema bati lotua dago beti. 

Ez du esan nahi zoratua zaudenik edo traumaren bat duzunik. Askoz sinpleagoa da. Erreakzioa desmuntatzean datza, zure gorputzari erantzun hori aproposa ez dela irakatsita.

Arazoa da gaur egun dauden tratamendu gehienek kontrakoa egiten dutela. Zure helburua izan behar da migraina pazientearen bizitzaren erdigunean ez jartzea. Kontrakoa  egin behar da. Migrainaren eguneroko bat egitea gomendatzen dute, adibidez. Hori migraina kronifikatzeko modu aproposa da. Migraina ematen dizun gauza oro ekiditea ere eskatzen dute. Hori egiten baduzu zure gorputzak inoiz ez du ikasiko horren aurrean ematen duen erantzuna ez dela aproposena. 

“Medikuntzak ez du ondo ulertu zer den migraina eta nola funtzionatzen duen minak. Ulerkera hori aldatu behar dugu”

Hori guztia teorikoki azaltzeko idatzi duzu liburua, beraz?

Profesionalei zein pazientei bideratutako liburua da. Migraina duten pertsonek asko dakite gai horren inguruan, normalean urte ugari daramatzatelako soluzio bila.

Badago zati teoriko bat, minak nola funtzionatzen duen azaltzen duena. Hori adituei dago bideratua. Baina badago baita zati praktikoago bat, pazienteei bideratua. Zati teorikoa irakurri nahi ez duenak atal praktikora salto egin dezake zuzenean, zeinetan migraina nola gainditzen den azaltzen dudan. 

Mina ulertzeko modua aldatu behar dugu. Emozioa da, ez gaixotasuna. Biztanleriaren %12ak du migraina, eta migraina tratatzen duten neurologoen %75ak du gaitz hori.

Migraina sendatuko omen duena da gaitz hori gehien sufritzen duena. Horrek ez du zentzurik. Medikuntzak ez du ondo ulertu zer den migraina eta nola funtzionatzen duen minak. Ulerkera hori aldatu behar dugu. 

Liburua plazaratu berri duzu. Baduzu nonbaiten aurkezteko asmoa?

Plataforma eta liburutegi gehienetan eskuratu daiteke liburua. Baina pandemia testuinguru honetan nahiko zaila da aurkezpenak egitea. Itxaroten gabiltza, egoera apur bat egonkortu arte. Internet bidez ari gara promozio guztia egiten momentuz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide