Okondo izango da Aiaraldeko Berdintasun Topaketaren kokaleku. Azaroaren 6an, datorren ostiralean, gauzatuko dute jardunaldia, 10:00etatik aurrera, online.
Hain zuzen, Zoom plataforma baliatuko dute topaketa garatzeko. "COVID-19ak eragindako egoera dela eta, aurtengo topaketa online izango da eta emakumeen jabekuntza teknologikoa izango du ardatz. Emakumeen partaidetza errazteko, aldez aurretik, tailer presentzialak antolatu ditugu udalerrietan, zelan konektatu azaldu eta era praktikoan ikasteko", adierazi du Miren Urresti Aiarako Kuadrillako berdintasun teknikariak.
Topaketan emakumeen jabekuntza teknologikoa landuko dute, batik bat. Horrez gain, Interneteko baliabide feministak ere aurkeztuko dituzte, "Laia Plazara" Arabako plaza feminista kasu.
Aisialdirako ere tartea izango da, Virginia Imaz klownaren parte hartzearekin. "Topaketaren ondorioak umore bidez" nabarmenduko ditu artistak. Zalantza edo izen-ematerako 686 587 889 zenbakira deitu edo bidali behar da mezua, "lotura jasotzeko".