Down sindromea duten kirolarientzako kategoria sortzea eskatu du Almudena Otaola senatariak Madrilen

Aimar Gutierrez Bidarte 2020ko abe. 3a, 10:00
Almudena Otaola okondoarra senatuan. / EAJ-PNV

EAJko senatari okondoarrak Joko Paralinpikoetan down sindromea duten kirolarien kategoria sortzea proposatu zuen, hauek goi-mailako kirolari aitortza lor dezaten.

Down sindromea duten kirolarien eskaera eraman zuen astelehenean Almudena Otaola okondoarrak Madrileko Senatuko oholtzara. Senatari jeltzaleak down sindromea duten kirolarientzako kategoria bat sortzea eskatu zuen, kolektibo horrek pairatzen duen “diskriminazioarekin” bukatzeko.

 

Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak sistema berri bat ezartzea eskatu zuen EAJko senatariak, “praktikan kirolari horiek txapelketatik kanpo gera ez daitezen”. Gaur gaurkoz kategoria generiko baten barruan daude sartuta down sindromea duten kirolariak, gaitasun intelektual askotako kirolariekin; eta horrek ia ezinezko egiten du zenbait marka lortzea.

 

Paralinpiadetan ez parte hartzeak down sindromea duten kirolariak goi-mailako kirolaritzat ez hartzea dakar. Aitortza horren faltak bekarik jaso ezin izatea edota pandemiaren moduko egoeratan entrenatu ezin izatea dakarkie, Otaolak nabarmendu duenez. 

 

Mikel Garcia Agirrezabal kirolari bilbotarraren eskaera eraman zuen okondoarrak senatura. Munduko txapelduna izan da Garcia 400, 800 eta 1.500 metroko proba atletikoetan eta denbora luze daramate berak eta bere ingurukoek goi-mailako kirolari izendatua izateko aitortzaren alde borrokan. Besteak beste, sinadura bilketa bat abiatu zuten Internet bidez eta dagoeneko 8.000 baino gehiago lortu dituzte.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide