2021ean Okondoko kiroldegia eraikitzeko diru-laguntza jaso du Udalak. Arabako Foru Aldundiak plazaratu berri du ebazpena, eta 575.773€ bideratuko dira udalerrian kirol azpiegitura atontzera.
Eraikinaren aurrekontua 860.000 eurokoa da. Berez, futbol zelaia dagoen ingurua hobetzea da asmoa, aldagela, gimnasio eta biltoki batekin. Gainera, padel pista bat jarriko dute.
Jon Escuza alkateak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, gastuaren %70 hartuko du bere gain Foru Aldundiak: "Oraindik goiz da esateko noiz bukatuko diren lanak". 2023 arte izango dute epea obra egikaritzeko. Orain, proiektuaren erredakzioa izango da erronka, eta beste lizitazio batean helduko diote exekuzioari, enpresen eskaintzak aztertu ostean.
Alkateak erantsi duenez, egungo eraikina biltoki gisa erabiltzen da orain, "eta hobekuntzak behar ditu". Horrez gain, kirol elkarteak elkartzeko gune izatea ere nahi dute, "euren proiektuak garatzeko".