SOS Deiak erakundeak domina berdea eman dio Roberto Aretxabala bizilagunari. Okondoko EAJko Udal Batzordeko lehendakaria da Aretxabala. 2020ko uztailaren 28an jazotako gertaera baten aurrean izan zuen jokabideagatik eman diote aitortza.
Marina Metalurgia taldeko Ara Transferencias Termicas enpresan lan egiten du bizilagunak, Erandion. Egun horretan 71 urteko emakume bat erori zen itsasadarrera, eta berak atera zuen uretatik, beste langile batzuekin batera. “Lehen sorospenak eman zizkion emakumeari, larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren arte”, azaldu du EAJk ohar baten bidez.
Beste lau pertsonari ere eman dizkiete dominak, antzeko ekintzak egiteagatik.
Okondon eman zioten aitortza Aretxabalari, mugikortasun-murrizketek ez dutelako ohiko ekitaldia egitea ahalbidetzen. Pedro Anitua Aldekoa bertaratu zen herrira, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria. Berak eman zion domina EAJko kideari, Josu Erkoreka Segurtasun Sailburuaren partez.