World Vermouth Awards norgehiagokan gailendu da Astobiza txakolindegia. Munduko beste hainbat marka entzutetsuren aurka neurtu da Okondoko upategia, erdi-gozo kategorian.
12 urte baliatu behar izan dituzte lehiaketara aurkeztutako edaria prestatzeko: 10 urte ikerketa garatzeko eta beste 2 probak egiteko. Duela hilabete gutxi atera zen ardoa Amurrioko Barañano likore fabrikatik. Edaria soilik ez, botilaren etiketa ere saritu dute, Erresuma Batuko Harpers Design Awards norgehiagokan.
'Ondarribi zuri' izeneko mahatsa baliatu dute produktua ekoizteko. Vermoutharen usaina goraipatu du epaimahaiak. “Usain zoragarria du, distiratsua, loretsua, lorategiko fruta gozoarena”, adierazi dute ebazpenean. Zaporeari dagokionez, tragoaren amaieran “belarren garraztasun gozoa” nabaritu daitekeela nabarmendu dute.