Talka Okondo Aurreraren eta udal gobernuaren artean, San Roman auzoko ur-ordainagirien afera dela eta

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mai. 13a, 09:00
Okondo Aurrera taldeko kideak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Okondo Aurrerak azaldu du Arartekoak 10 egungo epea eman diola udalari gaiari buruzko informazioa argitaratzeko. EAJk argitu du datu horiek “aste honetan bertan” emango direla, “inolako eragozpenik gabe”. 

“Arartekoak 10 eguneko epea eman dio Okondoko Udalari duela urtebete baino gehiago Okondo Aurrerak "San Romanen barkatutako uraren ordainagiriei eta deialditik kanpo dagoen elkarte bati emandako diru-laguntzari buruz" eskatutako informazioa eman dezan. Hala jakinarazi du oposizioko taldeak prentsa ohar baten bidez. 

Okondo Aurrerako kideek azaldu dute udalak uko egin ziola gai horri buruzko informazioa emateari, eta horregatik jo behar izan zutela Arartekora. 

Gauzak hala, ordezkari politiko moduan dituzten eskubideak “urratu” direla uste dute Okondo Aurrerako kideek, eta hitz gogorrak baliatu dituzte udal gobernuaren aurka: “Kazikeak bezala” jokatzea leporatu diote EAJri eta horren “konplize” izatea, aldiz, EH Bilduri. “Soilik espero dugu arreta-ukitu horrek balio izatea ulertzeko udala ez dela euren jabetzakoa, eta gardentasunarekiko eta demokraziarekiko errespetua beren interes alderdikoien gainetik dagoela”. 

Okondo Aurrerak kazike jokabidea izatea leporatu dio EAJri. Jeltzaleek, aldiz, opozisioko taldearen akusazioak gezurtatu dituzte

EAJren erantzuna

EAJk beste prentsa ohar baten bidez erantzun die Okondo Aurreraren adierazpenei. Udal Gobernuan dagoen alderdiak jakinarazi du aste honetan bertan emango dituela Arartekoak eskatutako datuak, “inolako eragozpenik gabe”. 

Dena den, jeltzaleek ziurtatu dute “erabat faltsua” dela San Romango ur-ordainagiriak “barkatu” dituztela.

“2019an, udako hilabeteetan, San Roman auzoa urez betetzen duen iturburu baten inguruko pisten baso-ustiapena egin zen, kamioien joan-etorri handiaren ondorioz”, oroitu dute oharrean, “uraren kolorea nahasi egin zen, eta kalitatea galdu, kontsumorako egokia ez izateraino”.

Gauzak hala, ur-hornidura eteteko erabakia hartu zuen EAJk, alkatetzara iritsi berri zela. “Horren ordez, botilako ur-zerbitzua eskaini zuen udalak, herritarrentzat inolako kosturik gabe, egoera hori konpontzeko beharrezko esku-hartzeak egiten ziren bitartean”. 

Ondoren, zonalde horretako bizilagunak ur-hornidura ordaintzetik salbuestea erabaki zuten udalbatzan, zerbitzu hori baliatu ezin izan zuten tartean. Jeltzaleek gogorarazi dute eurek eta EH Bilduk bozkatu zutela proposamen horren alde, Okondo Aurrerak aurkako botoa ematen zuen bitartean. 

Gauzak hala, “titularren bila” egotea leporatu dio EAJk oposizioko taldeari, “benetako ekimenik edo proiektu berririk ekarri gabe”. Era berean, gogor kritikatu du Okondo Aurrerako kideek “kazike” hitza erabili izana, eta epaitegietara joateko gonbitea luzatu die,  “irregulartasunen baten susmoa izanez gero”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide