1,5 milioi euroko aurrekontua izango du Okondoko Udalak aurten

Txabi Alvarado Bañares 2021ko eka. 11a, 16:18

EAJko zinegotziak, artxibo irudi batean.

Hainbat egitasmo gauzatzea aurreikusi du udal gobernu taldeak urtea amaitu baino lehen: erabilera anitzeko aretoa, ikasketa gela edota kiroldegiko proiektua, besteak beste. 

1,5 milioi euroko aurrekontua izango du Okondoko Udalak aurten. Kontuak onartu berri dituzte, EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin. Alderdi jeltzaleak oharra plazaratu du partiden nondik norakoak azaltzeko.

Jeltzaleen arabera, “kontu errealistak” dira, eta helburu nagusi bat izango dute: okondoarren ongizatea hobetzea, “inbertsio publiko ugari eginez eta udal-zerbitzuak blindatuz”. 

Giza baliabide gehiago

Udal langileen soldatetara bideratutako diru-partida handitu da, beharginen soldatak igo direlako eta pertsona bat gehiago kontratatuko duelako administrazio lanak egin eta Herritarren Arretarako Zerbitzuan egoteko. Horrez gain, Eskualdeko Enplegu Planeko hiru pertsona lanaldi osoan ari dira beharrean. “Okondoko Udalak, une honetan, Ikastolan eta Haurreskolan garbiketa indartzeko lanak egiten dituen pertsona bat ere badu, COVID-19k eragindako egoeraren ondorioz”, gaineratu du udal gobernuan dagoen alderdiak. 

Jaien partida txikitu, beste batzuk handitzeko

Jon Escuzak jakinarazi du aurten ere murriztuko dutela  jaietara bideratutako partida, “ beste batzuk handitzeko eta berriak sortzeko”. Hala ere, honako argipen hau gehitu du alkateak: "Garrantzitsua da argitzea, jaien kontzeptua murriztu bada ere, horrek ez duela esan nahi kultura edo entretenimendu ekitaldirik egingo ez denik; besterik gabe, beste modu batera egingo dira, eta agintari eskudunen jarraibideak errespetatuko dira uneoro”.

Laguntzak

Herritarrak laguntzera bideratutako bi partida ere erreserbatu ditu tokiko erakundeak. 3.000 euro baliatuko dituzte udalerriko ekintzaileak laguntzeko eta beste 2.500 euro garraio publikoan joan behar dute gazteak laguntzeko. 

Inbertsioak

Inbertsio ugari egitea ere aurreikusi dute. Hauek dira aurten egin nahi dituzten lan nabarmenenak:

  • Mendi-lanak: 50.000 euro (Arabako Foru Aldundiak diruz lagunduko du zati batean)
  • Ziurtagiri energetikoa: 8.289 euro (Aldundiak 6.000 euro emango ditu)
  • Txakurgunea eraikitzea: Villachicako berdegunean eraikiko da, 23.747 euro baliatuta.
  • Haurreskolako komuna egokitzea: 34.740 euro (Aldundiak 22.671 euro jarriko ditu)
  • C. Garaikoetxea haur-parkea ekipatu eta estalkia jartzea: 3.630 euro bideratuko dira estalkira eta 2.036 euro jokoetara.  Leader Programarekin finantzatuko da proiektuaren zati bat. 
  • Saneamendu-sare bereizlea eraikitzeak sortu duen faktura ordaintzea: 7.512 euro (Aldundiak %50 jarriko du). 
  • San Roman Eskolaren exekuzio proiektua: 20.449 euro (Aldundiari %80a finantzatzea eskatuko zaio, kultura-ondarea kontserbatzeko/zaharberritzeko esku-hartzeetarako deialdiaren barruan.
  • Ikasketa gela eta erabilera anitzeko aretoa: 12.100 euro bideratuko dira proiektuaren zati bat garatzera. Obra udan esleitzea aurreikusi du tokiko erakundeak, irailean hasi dadin. 
  • Kiroldegiko proiektua: 59.992 euro (Aldundiak %50a finantzatuko du).
  • Eskolako jolastokia konpontzea: 24.080 euro (Eusko Jaurlaritzak %60a jartzea aurreikusi dute).
  • Lambarri bidea konpontzea: 28.886 euro (Foru Aldundiak %65ean finantzatuko du). Alkatearen arabera, “egungo zoladura txikituta eta altxatuta dagoen azken zatia”  konponduko dute, “hormigoizko zolata berriz jartzeko ondoren". Gehien kaltetutako eremuetan, aldiz, zoladura berriz jarriko dute eta baztergune bat eraikiko dute bidearen erdialdean.
  • San Bartolome plazako irisgarritasuna eta altzariak: 75.116 euroko obra egitea aurreikusi dute (Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin), eta 14.263 euro bideratuko dituzte irisgarritasuna hobetzera. Ebazteke dago proiektua, Leader laguntzen araberakoa izango baita. 
  • Irisgarritasun Plana egokitzeko lanak: 16.580 euro (Eusko Jaurlaritzak 10.275 jarri ahalko ditu). 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide