GALDER BENGOECHE

“Sakrifizio asko egin ditut txirrindulan aritzeko, baina ez nuen espero podiumera igotzea”

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 27a, 08:00

Galder Bengoeche Omar fFraileren taldeko txirrindularia da. / Aiaraldea.eus

GALDER BENGOECHE (Okondo, 1996) gaztea Omar Fraileren eskolan dabil eta maiatzean emaitza bikainak lortu ditu junior kategorian. Errepideko txirrindularitzak eman diona azaldu du okondoarrak.

Nola hasi zen zure ibilbidea txirrindularitzan?

Nire anaia beti izan da kirol horren jarraitzailea eta 2019an Tourreko bi etapa ikustera joan ginen. Itzultzean hasi nintzen txirrindulan eta izena eman nuen Aiarako taldean. Bi hilabetez aritu nintzen kadete kategorian eta orain Omar Fraile eskolan nago. Aiaran denbora gutxian asko ikasi nuen eta esperientzia oso polita izan zen. Iaz Omar Fraile eskolan ikasteko urtea nuen, eta aurten gogor ekin diot. 

Nola bukatu zenuen Omar Fraileren taldean?

Aiarako txirrindulariak gazte kategoriara igarotzen direnean, oro har, Amurrioko taldera joaten dira. Taldeko bik, ordea, proposatu zuten Omar Frailerekin probatzea. Iaz, printzipioz, taldea aldatu behar nuen berriro, baina Omar Frailek berak deitu zidan eta geratzeko eskatu zidan.  

Omar Fraileren taldean oso pozik nago. Jende guztia dago edozertan laguntzeko prest. Bi zuzendari berri sartu ziren eta oso jatorrak dira. Izugarri ikasten da eurekin. 

Omar ere, nahiz eta bidaia eta entrenamendu ugari izan, sartzen da eta mezuak bidaltzen dizkigu jakiteko zer moduz gauden. Arduratzen da. 

Guztiontzako entrenatzailea dugu eta bera ere ikusgarria da. Zuzendaritzari buruz zer esan, babesleak lortzen dituzte, urtero hor daude...

Entrenatzeko guztiok daukagu Garmin gailua,  eta ziklokonputadorea da bere izena. Entrenatzaileak bidaltzen dizkigu ariketak eta urratsak markatzen dizkigu betetzeko.

Iazkoa trebatzeko urtea izan zen, baina aurten hasi zara podiumetara igotzen, ezta?

Hilabete erdian hiru aldiz igo naiz podiumetara. Bi bigarren postu eta hirugarren bat eskuratu ditut. 
Mendiko sailkapena ere erdietsi dut eta oso pozik nago. Ez nuen espero. 

Asko entrenatu dut eta asko sakrifikatu dut, baina ezustea izan da. Adibidez, nire lagunak parrandan dauden bitartean, nik atsedena hartzen dut etxean, janariaren edota neskalagunaren aldetik ere sakrifizioak ugariak dira. Hortaz, ikaragarria da espero ez duzuna lortzea. 

Asko kentzen dizu kirolak, baina zer eman dizu?

Lagun berriak eman dizkit. Txirrindula gainean nagoenean aske naiz eta pozik nabil. Pedalkada bakoitza gozatzen dut, paisaia, aire librea eta nola ez, lasterketetan emaitzak. 

Zer nolako helburuak jarri dizkiozu zure buruari?

Momentuz, denboraldia ez da amaitu. Irailera arte luzatuko da, hortaz, xedea gozatzea da. Hurrengoan maila handiagoa izango da eta asmoa da ikastea eta moldatzea. Epe motzean lehenengo postua eskuratzea izugarria litzateke.

Nola definitzen duzu zure burua txirrindulari moduan?

Gorantz ondo noa. Ibilbide lauetan ere oso ondo moldatzen naiz eta beherantz ez dut beldurrik. Ez dakit, ezin esan zerbait zehatza. Oro har, nik nahiago ditut etapa menditsuak. Mendiko txirrindularekin, ordea, ez naiz ondo moldatzen, desastre bat naiz. Hainbatetan probatu dut, baina, nik errepidea dut gogokoen.

Zure anaia zalea dela aipatu duzu. Aurten Tourrera joango zarete?

Bai, aita, ama, anaia eta laurok joango gara. Autokarabana alokatu dugu. Urtero Giroa eta Tourra ikustea primeran legoke.

Gaur egungo tropelean erreferenteren bat duzu?

Mikel Landa guztion erreferentea da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide