Kultur sorkuntza Aiaraldean

Okondon grabatuko dute 'El Himno Mundial' filma, adinekoen zentroa “ospitale apokaliptiko” bilakatuta

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 22a, 11:00

Eszena gehienak iazko udan grabatu zituzten. / El Himno Mundial

Igandean egingo dituzte grabaketak. Komedia eta drama uztartuko ditu filma luzeak. 

Okondoko adinekoen zentroa “ospitale apokaliptiko” bilakatuko da igandean, El Himno Mundial filmeko hainbat eszena grabatzeko. Bilbao Soluciones Audiovisuales enpresako kideak arduratuko dira dekoratua jartzeaz. 

Udalak begi onez ikusi du grabaketa, eta horri begirako erraztasunak emango ditu. “Gure lurraldeko filmaketa gehienak Bizkaian edo Gipuzkoan grabatzen dira”, azaldu du Jon Escuzak, “beraz, garrantzitsua da azpimarratzea Okondok aukera paregabea ematen diola Arabari, zinemagintzari Aiaraldeko Eskualdean ere konfiantza jartzeko gonbita eginez". Alkateak gaineratu du koronabirusaren aurkako neurriak “zorrotz” beteko direla grabaketan.

Web serie gisa jaiotako proiektua

Egoera post-apokaliptiko batean girotutako filma da El himno mundial. Alex "Welder" Diazen izen bereko eleberrian dago oinarritua, eta idazlea bera da ikus-entzunezko proiektuaren atzean dagoena. Umorea eta drama uztartuko ditu filmak, eta osasun langileen lana goraipatzen du. "2018an idatzitako istorioa den arren, gaur egun interes handiko gaia bilakatu da", azaldu dute proiektuko kideek. 

Egitasmoa, berez, ez zen filma luze moduan jaio, web-serie moduan baizik. Istorioaren zati txiki bat moldatu zuten. Hainbat sari jaso zituen gidoiak, oso irudimentsua zelako eta baliabide eskasekin fikziokoz unibertso handi bat sortzeko gai zelako. Estatu Batuetako, Hego Koreako edota Italiako jaialdietan saritu zuten, besteak beste.

Filma luzea egiteko, aldiz, “zerotik” abiatu dira, "kalitate handiagoa lortzeko eta ahalik eta jende gehiagorengana iristeko". Hala ere, aurrekontu txikia dute oraindik, 10.000 eurokoa guztira. 

Eszena gehienak iazko udan grabatu zituzten, baina grabaketa gelditu behar izan zuten COVID-19aren pandemia dela eta. Gauzak hala, filma osatzeko falta diren azken irudietako batzuk izango dira Okondon grabatuko dituztenak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide