Nerea Otaolak ez du zalantza izpirik udan denbora igarotzeko tokia hautatu behar duenean: herrikoigerilekuak. Leku aproposena da berarentzat hainbat aldagai batzen dituelako; ingurune naturala da, Okondoko hainbat jende elkartzen da han, eta nahiz eta beste taberna bat egon herrigunean, ez dago, bere ustez, askoz aukera gehiago.
Finean, kokapen bakarrari esker, giro okondoarra topatuko dugu, baita adin anitzeko herritarrak -bai umeak jolasten, zein guraso edo pertsona nagusiagoak, bainatzera edo zerbait hartzera joan direnak-, zuhaitzen artean, zelaian zehar eta urruti joan gabe. “Topagunea da okondoarrontzat”, argitu du Otaolak.
Igerilekuek, funtsean, egun osoko plana osatzeko beta ematen dute, bainuak eta aisialdia uztartuta, eguzkia hartzen edo irakurtzen zuhaitzek sortzen duten gerizpean. Edonola ere, bere errutinari buruz galdetuta, Nerea arratsaldeko azken orduetan bertaratzen da: “Egun osoa lanean eman eta gero, Okondoko herrigunean ibilalditxoa egiten dut eta 20:00ak aldera etortzen naiz zenbait lagunekin. Eskatzen ditugu garagardo batzuk eta solasaldia egiten dugu gero etxera joateko”. Uda gorabeheratsua izaten ari denez aurtengoa, arratsaldeko azken orduak ez dira beti sargoriaren eta freskoaren arteko guda zelaia: “Aurten egun batzuetan hotz egin du gauez, baina zorionez ondo prestatuta daude, eta hori gertatzen denean, zerbitzaria agertzen da manta batzuekin, goxo-goxo egon gaitezen hemen”.
Ez da hori igerilekuetako tabernak proposatzen duen plan bakarra. Berez, 22:00etan ateak itxi arren eta aurreikuspenez eginez gero, afaria eskatzeko parada ematen dute, plan bikaina egunari itxiera emateko. Tamalez, aurten igerilekuen erabilera mugatua dago udako bonoa dutenentzat, koronabirusa dela eta, edukiera kontrolatzeko neurri hori hartu baitzuen udalak. Hala ere, Nereak espero du pandemiak horretarako tartea eman bezain pronto, orain arte bezala, edonork izatea eskubidea azpiegiturak baliatzeko.
Osasun krisialdiaren aurretik hara joan ez direnek, gainera, aldaketa aipagarriak topatuko dituzte. Deigarriena tabernari berari lotuta dago. Izan ere, emakumezkoen kexei erantzunda, terraza lekuz aldatu dute. Hori egin arte, bainua hartu nahi izanez gero, mahaien aurretik igaro beharra zegoen eta emakume asko ezeroso sentitzen ziren.
Arazo horri konponbidea aurkitzeko, jende ororen mesederako bidea ireki dure. Terraza atzera mugituta, ez dituzte soilik bainua hartzen dutenekiko begiradak urrundu, baizik eta terrazaren kalitatea bera ere hobetu dute. Mahaiak ez daude pilatuta, distantzia handiagoa eta ziurragoa da eta eremu naturalagoan dago kokatuta. Eremua zabala denez, inguruko koadrillekin mintzatzeko asmoa dutenek, egin dezakete mahai batetik bestera. Aldi berean bazter batean geratu nahi dutenek, horretarako abagunea ere badute, tokia soberan baitago.
Finean, umore, gogo eta nahi ugarirako oholtza bilakatu dira Okondoko igerilekuak.