Okondo Aurrera eragileak mozioa aurkeztuko du hilaren 25eko udalbatzan, prentsa ohar bidez zabaldu duenez. "Azaroaren 4an bizilagunek konprobatu ahal izan genuenez, Okondoko Udalak hornitutako ura ez zen kontsumigarria". Okondo Aurreraren hitzetan, astebetez luzatu da egoera, "eta horrek herritarrek ur botilaratua erosi beharra eragin du". Ez da, gainera, lehenbiziko aldia izan: "Beste auzo batean aurrekariak daude, eta ordukoan gobernu taldeak ez zien ordainarazi uren tasa hiruhileko horretan bertako bizilagunei, abeltzaintzarako lur sail bati 300€ baino gehiago barkatuz".
Hori dela eta, mozio bidez, Okondo Aurrerak beharrezko neurriak hartzeko eskatu dio gobernu taldeari, "ur hondakinak tutuetatik desager daitezen". Halaber, kaltetutako herritarrei azken hiruhilekoko uraren zerga eteteko proposamena luzatu dute, "egoera bera izan duten beste herritarrekiko ur horniketan diskriminaziorik ez egoteko".
Gobernu taldeak ez du aferarekiko adierazpenik egin nahi izan, gaia osoko bilkuran landuko dutela azpimarratuta.