Koronabirusak eragindako pandemiak bertan behera utzi zituen Okondoko udaberriko azokako ekintzak duela 3 urte. Urtaro aldaketarekin batera, martxoko azken igandean ospatu dute orain arte Okondoko Baserri Azoka. Hala izango da aurtengoan ere: Okondoko Udalak jakinarazi duenez, hilaren 27an prestatuko dute feria. Animaliak, tokiko jakiak eta artisauak egongo dira, besteak beste, Okondoko herrigunean. Herriko eskola eta parkea izango dira postuen kokaleku, eta giro ederra aurreikusi dute antolatzaileek.
Erakustaldi asko egongo dira goiz osoan: saskigileen ogibidearena, herri kirolena zein euskal artzain txakurrena, besteak beste
23. edizioa izango da hilaren 27koa. Aurreratu dutenez, 10:30ean hasiko da salmenta, baita kale animazioa ere. 11:30ean, zuku ekologikoei buruzko hitzaldia eta dastaketa egingo dute. "Plaza mugatuak izango dira, eta izena eman behar da parte hartzeko, 945 898 231 telefonoan", erantsi dute.
Zenbait ekintza eskainiko dituzte goiz osoan: egurrezko jolasak, haurrentzako talo tailerra eta batukadaren kalejira, horien artean. 13:30ean, berriz, herri kirolen erakustaldiak hartuko du protagonismoa.
Antzinako ogibide zein usadioak ere herriratuko dituzte, iraganeko lanbideen erakustaldia izango da horren lekuko. Zehaztu dutenez, saskigileak izango dira bertatik bertara euren lana irakatsiko dutenak goiz osoan. Horrez gain, euskal txakurren erakusketa izango du programak nobedade. Nondik norako guztiak Okondoko Udalaren komunikazio kanalen bidez zabalduko dituzte.