BIDEOA

"Udalerri txikia gara, familiartekoa. Guztiok ezagutzen dugu elkar. Triste gaude, ezin dut beste hitzik esan"

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mar. 24a, 14:00

Sute larria egon da gaur goizalean Okondoko baserri batean, Markuartun. Hiru pertsona hil dira ezbeharrean, eta eraikina erabat txikituta geratu da. Hainbat komunikabide zein ordezkari instituzional bertaratu dira auzora.

Goizeko 4:40an jaso dute deia larrialdi-zerbitzuek: baserri batek su hartu du Okondon, Markuartuko gainean. Laudio eta Langraitzeko suhiltzaileak bertaratu dira sua itzaltzera, eta sugarrak amatatzea lortu duten arren, baserri barruan zeuden hiru bizilagunak hil egin dira. Antza,  bi gizonak ezkongabeak ziren, baina emakumeak hiru seme-alaba zituen.

"Guztiok ezagutzen dugu elkar. Nik pertsonalki ezagutzen nituen barruan zeuden pertsonak"

Goiz guztia igaro dute suhiltzaileek egitura eraisten. Izan ere, suak kalte larriak eragin ditu eraikinean. Komunikabide eta ordezkari publiko ugari bertaratu dira Markuartura, tartean, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusia.

Jon Eskuza Okondoko alkateak azaldu du etxebizitza barruan hildako hiru pertsonak herrian aski ezagunak ziren hiru neba-arrebak zirela: "Udalerri txikia gara, familiartekoa. Guztiok ezagutzen dugu elkar. Nik pertsonalki ezagutzen nituen barruan zeuden pertsonak. Oso triste gaude. Ez da atsegina mota honetako albiste bat eman behar izatea".

Okondon samina sortu du albisteak. "Triste gaude, ezin dut beste hitzik esan. Erabateko babesa helarazi nahi diogu familiari, udalaren zein bizilagunen partez" adierazi du Eskuzak. Udalerrian ekintzarik aurreikusten den galdetuta "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin du alkateak: "Gauzak nola jazotzen diren ikusiko dugu orain, eta gero hartuko ditugu erabakiak. Baina ez gara gertatzen ari den horretara aurreratu nahi, familiarekiko errespetuagatik".

Okondoko Udalak babesa adierazi die zendu diren hiru neba-arreben familia eta senideei: Erabateko babesa helarazi nahi diogu familiari, udalaren zein bizilagunen partez. Errespetua eskatu nahi dugu eurentzat, eurak direla hau lehen pertsonan pairatzen ari direnak".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide