Enplegu ataria jarri du martxan Okondoko Udalak, herritarren enplegagarritasuna erraztea eta hobetzea helburu. Udalaren web orrian bertan txertatu dute enplegu atariaren sarbidea, herritar eta enpresa ororen eskura.
Oraindik probaldian dago tresna. Udalak jakinarazi duenez, egoitza Okondon edo inguruetan duten enpresak atarian erregistratu beharko dira, bete nahi dituzten lanpostu hutsak argitaratzeko. Modu berean, herritarrek ere izango dute atarian erregistratzeko aukera. Bertan curriculuma igo eta eguneratu ahal izango dute, eta enplegu iragarkiak kontsultatu.
"Erabat digitalizatuta dagoen eta garai berriekin bat datorren ekimen honen bidez, eskualdeko enpresek dituzten langile-beharrak eta bizilagunen enplegu-beharrak konektatu nahi dira. Horrela, balio handiko ehun-ekonomiko zirkularra sortu ahal izango da, okondoarren talentua ere bultzatuz eta atxikiz", adierazi dute udaleko ordezkariek.