Aresketako Bolatokiaren azken egunak heltzen ari direla salatu du bere jabeak, Arturo Berganzak. Markuartun kokatutako egitura bola arabarrean jokatzeko eraiki zuten XVIII. mendean -1735. urtea aipatzen da Okondoko Udalean-.
"Felix Mugurutza historialariaren ikerketen arabera, alboko baserria ostatua zen eta jendeak bertan edaten eta jokatzen zuen", azaldu du Berganzak. Jabeak berak goraipatu du 90eko hamarkadan proposamena egon zela eraikina babesteko, baina ez dela ofizialki gauzatu.
Bi hilabeteko epea eman dio Arabako Foru Aldundiak jabeari, XVIII. mendeko bolatokia eraitsi dezan. Aldundiko Ondare Zerbitzuak egitura babesteko txostena egin bazuen ere, epaileak ez zuen kontuan hartu.
Halaber, Berganzak erantsi du Arabako Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuak txostena osatu zuela adierazteko bolatokiak badituela babestu behar diren elementuak. "Dena den, Errepideen Zerbitzuak egindako txostena hartu zuen aintzat epaileak, Ondarearena baztertuta".
Salaketa
Berganzak berak aitortzen du akatsa egon zela bolatokia konpontzeko prozeduran: "Eskatu genituen baimenak alboko baserrian konponketak egiteko, eta uste genuen eremu guztian obrak egiteko aukera ematen zigula, baina ez zen horrela".
Horren ondorioz, eta errepidetik oso hurbil dagoenez, Arabako Foru Aldundiko Errepideen Zerbitzuak salaketa jarri zuen eta epaitegian irabazi zuen kasua. Martxoan agindua bidali dio zerbitzuak jabeari, eraikina eraitsi dezan. Hori beteko ez balu, Aldundiak berak egikarituko luke. "Aurrekontuak eskatu ditut, eta hona etorri izan direnean bolatokia lurrera botatzea zenbateko kostua duen kalkulatzeko esaten didate ezin dela egitura hori eraitsi, baina horrela agindu didate", adierazi du Berganzak.
Azken saiakerak
Epaiaren kontrako helegitea galduta, Arturo Berganzak aukera gutxi ikusten ditu bolatokia -eta barnebiltzen dituen labea, lastategia eta upategia- salbatzeko: "Arabako Foru Aldundiari proposatu diot errepidearen bestaldean dagoen lursailaren zati bat bere esku uztea, errepidea zabaldu nahi izanez gero, baina ezezkoa eman didate. Nik ez dakit zer gehiago egin. Aiarako ondarea galduko dela sentitzen dut".
Okondo Aurrerak aferari buruzko oharra plazaratu du eta exijitu die erakunde guztiei biltzeko eta adostasuna lortzeko, egiturak iraun dezan.