Ipuina argitaratu duzu, ezta?
Hau da argitaratu didaten lehenengoa, baina hainbat daukat. Uneren batean erabaki nuen argitaletxeetara bidaltzea eta kritika atseginak jaso nituen. Azkenean aukeratu nuen bat, Mister Momo, Sevillakoa. Hor hasi zen guztia.
Gero pentsatu nuen nik egin nahi nituela marrazkiak. Izan ere, nik ikasketa teknikoak ditut, delineantea. Hortaz, ilustrazioaren ardura hartu nuen. Horrek denbora gehiago eskatu zidan. Berez, nik ez nuen prozesua ezagutzen; bidaltzen nituen nire fitxategiak eta erantzuten zidaten kalitatea ez zela nahikoa.
Ondorioz, programa profesionalak erabiltzeko beharra izan nuen; txartel grafikoa, argi mahaia eta tableta erosi nituen. Lortu nuen eta azkenean nire ilustrazioak dira liburuan daudenak.
“Ipuina argitaletxeari bidali ostean pentsatu nuen nik neuk egingo nituela marrazkiak”
Denbora asko eman duzu ipuinarekin?
Otsailetik abuztura, gutxi gorabehera.
Zeri buruzkoa da ipuina?
Bitxiena da protagonista Niko aterkia dela. Hori nik uste deigarria egin zitzaiela argitaletxeei. Zerbait ezberdina da. Hain zuzen, kontakizunak azaltzen du euritakoaren ilusioak zeintzuk diren. Edozein lagunena izan daitezke. Hortaz, ipuinak jorratzen du ilusioak ez galtzeko beharra eta gauzatzea, adiskidetasuna… Garrantzitsua da zauden leku horretan zoriontsu izatea. Nikoren kasuan, bukatzen du toki batean zeinean jende gehiena ez litzateke pozik egongo, baina Niko bai.
Esperientzia honen ostean, aipatu dituzun ipuin mordo horiek ere bidaliko dizkiezu argitaletxeei?
Bai. Orain nire buruan sinisten dut. Amestu dut eta bizi izan dut. Errealitate bilakatzen ari da. Egia esanda, orain banabil maleta bati buruzko ipuin batekin. Bere izena Kissa da -katua finlandiar hizkuntzan- eta bere izena aldatu nahi du, Margarita izateko.
Hala ere, bestelako ipuinak ere baditut, adibidez, hodei bati buruz. Bidali nahi ditut, baina aurretik ilustrazioak egin nahi dizkiet. Horrek denbora beharko du.
Ipuin guztiek daukate mezua?
Nik ez diet mezua jartzen. Nire aburuz, guztiok daukagu mezua barruan eta idaztean adierazten duzu, nahita edo nahi gabe. Nire ipuina irakurtzean konturatu naiz baduela nire subkontzientean dagoena. Pentsatzen edo amesten dudana.
Hamaika lanpostu izan ditut eta guztietan izan naiz zoriontsu. Orain Laudioko San Roke Nagusien Egoitzan ari naiz, aurretik ingeniaritza batean ibili nintzen, Osakidetzan… eta guztietan egon naiz pozik.
Zentzu horretan esaten dut mezua gure baitan dagoela, baina tresna jarri behar diogu adierazteko. Agian justu ipuin horretan ez da islatzen, baina niretzat oso mezu garrantzitsua da sortzaileak izan behar garela. Guztiok jaiotzen gara irudimenarekin eta sormenarekin, baina maiz ixten ditugu edo ixten dizkigute ateak.
Gure eginkizuna da berriro irekitzea eta bereziki umeei eman behar diegu aukera guztiak sortzeko. Berdin dio haurra igeltseroa edo zirujaua izango den etorkizunean, sortzailea izango da bere beharrean eta beste modu batean egingo die aurre arazoei.
“Umeei eman behar diegu aukera guztiak sortzeko. Berdin dio haurra igeltseroa edo zirujaua izango den etorkizunean, sortzailea izango da eta beste modu batean egingo die aurre arazoei”
Ipuinak soilik idazten dituzu?
Ez, baina honek, ez dakit zergatik, eskatu zidan argitaratzea. Hasi nintzenean marrazten bajan nengoen, auto istripu batean kolpea eman zidatelako. Horrez gain, lagun bat ere txarto zegoen eta une horretan egin nuen.
Dena den, kontakizun laburrak ere idazten ditut eta eleberri batekin nabil. Horrez gain, duela gutxi heldu zitzaidan Argentinan senide batzuk ditugula. Etorri dira Okondora Garrastatxu abizenaren bila eta zorionez topo egin genuen. Kontatu zidaten euren amonaren historia, bere aitak agiri bat sinatu behar izan ziola Argentinara joateko, adingabea zelako, senarra ezagutu gabe ezkondu zela… Hala ere, hori oraindik landu behar dut. ‘La isla de fuego’ eleberria, ordea, landuago dago, pertsonaiak eta abar.
Zein adinetako umeek irakur dezakete liburua?
0 eta 8 urte bitarteko haurrentzat jarri dugu argitaletxean. Kasu batzuetan gurasoek, lagunek edo senideek irakurriko diete umeei eta besteetan euren kabuz egingo dute. Agian 10 urtera arte irakur dezakete ipuina, baina uste dut eurek istorio konplikatuagoak lantzen dituztela.
Ipuina idazten zenuenean pentsatu zenuen umeren batean?
Ez. Hainbat jendek esaten dit ume bat dudala barruan. Bizirauteko gai izan den umea heldu sortzailea da eta nire barruko umea oraindik dago hor. Nik bi seme-alaba ditut, 12 eta 15 urtekoak, baina ipuina egin dudanean nigan pentsatzen egin dut. Ez niretzat, baizik eta jende ororentzat. Ilusioa izateko eta irudimena pizteko tresna moduan.
Nola eskuratu daiteke liburua?
Miste Momo argitaletxean, Amazonen, Agapean, Todostulibros.com-en, Fnac-en… Eurek 17 euroren truke saltzen dute eta nik 15 eurotan.