XABIER RAMOS RODRIGUEZ

“Aiaraldeko biodibertsitatea oso aberatsa da, oraindik gauza asko ditut hemen ezagutzeko”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urr. 13a, 07:00
Xabier Ramosen instagram kontuan jarraitu daiteke argazkilari gaztearen lana. / @xabiramos

XABIER RAMOS RODRIGUEZ  (Okondo, 1997) natura argazkilaria da, eta Aiaraldeko biodibertsitatea ardatz duen erakusketa aurkeztu du, herritarrak kontzientziatzeko.

Nondik dator klima aldaketaren inguruko argazki erakusketa bat egiteko ideia?

Aiarako Kuadrillak enkargatu zidan gaiari lotutako argazki erakusketa bat prestatzea, irailaren 23tik urriaren 2ra ospatu behar zen Asteklima ekimenaren barruan. Nik gogo onez esan nuen baietz.

Zer da erakusketan azaleratu nahi izan duzuna?

Erakusketaren helburu nagusia naturarekiko errespetua eta ezagutza sustatzea da. Eremu pribilegiatu batean bizi gara. Izan ere, Aiaraldeko biodibertsitatea oso oso aberatsa da. Paisaia natural ikusgarriak ez ezik, espezie asko gordetzen dituzte gure inguruek.

Bildu ditudan argazkiek aberastasun guzti hori erakusten dute. Baliabide natural desberdinen argazkiak, ur jauzienak… Baita dozenaka hegazti, narrasti, intsektu edota ugaztunen argazkiak ere jaso ditut. Guztira 25 piezek osatzen dute bilduma, 2018 eta 2022 urteen artean ateratako argazkiak dira hauek.

“Nire argazkien helburu nagusia naturarekiko errespetua eta ezagutza sustatzea dira” 

Ikusleengan eragin bat sortzea dute helburu argazkiek, beraz.

Jendea kontzientziatzeko modurik onena ezagutza da. Inguratzen gaituen biodibertsitatearekiko ezjakintasuna mehatxu bat da gure ingurune naturalaren babeserako. Babestu nahi dugun hori zer den ezagutzea ezinbestekoa da. Gure gizartea, oro har, aberastasun natural eta faunistiko horretatik urrun bizi da, nahiko ikuskera urbanoa daukagu eta hori gainditu beharra dago.

Aiaraldeko ingurune naturala uste baino ahulagoa da. Guztion ardura da hau ezagutzea, zaintzea eta babestea.

Hainbeste urtez natur-ingurunean argazkiak egiten aritu ostean, igarri duzu aldaketarik honetan?

Ez daramat aldaketa nabarmenik ikusteko bezain besteko denbora, baina egia da biodibertsitatearen gainbehera bat gertatu dela. Geroz eta zailagoa da zenbait animalia espezie ikustea.

Hegabera, hegazti migratzaile bat, da horren adibide. Lehen ohikoa zen saldo handiak ikustea, orain nekez ikus daitezke ale gutxi batzuk.

Intsektu kopuruak behera egin du nabarmen, eta anfibio asko ere desagertu egin dira. Erantzukizuna gizakiona da zalantzarik gabe. Anfibioen kasuan, esaterako, aire kalitate txarrak eta euri azidoek egundoko eragina dute. 

Nolako harrera izan du erakusketak?

Oso ona! Inaugurazioa oso polita izan zen. Argazkiak egiteko erabiltzen dudan ekipo desberdinak ekarri nituen, baita naturan kamuflatzeko erabiltzen dudan materiala ere bai. Haurrek oso ondo pasatu zuten argazkiak nola egiten diren ezagutzen. 

Ikusgai egon den astean ere, asko izan dira argazkiak asko gustatu zaizkiela esanez nigana hurbildu direnak.

Behin Okondoko erakusketa amaituta, baduzu beste asmorik proiektuarekin?

Gustatuko litzaidake erakusketa ibiltari bilakatzea eta, gutxienez, Aiaraldeko gainerako udalerrietan ere ikusgai egotea, eta herritarrek erakusketak transmititu nahi dituen baloreak barneratzea. Honezkero hasi naiz kontaktuak egiten, Amurrioko Muskerrak taldeko kideekin, esaterako.

Nola murgildu zinen natura-argazkilaritzan?

Argazkilari zaletu oro bezala era guztietako argazkiak egiten hasi nintzen: erretratoak, moda argazkiak… 
Egun batean, ordea, errekan lagun batzuekin nintzela ur-zozo bat ikusi nuen ur-jauzi baten atzetik ateratzen. Ni liluratuta geratu nintzen eta argazki batzuk egin nizkion. Handik gutxira lagun batek teleobjektibo bat utzi zidan eta natura-argazkilaritzan murgiltzen joan nintzen gutxinaka. Esan daiteke ur-zozo hark piztu zidala afizioa, eta gaur egun ere nire txori gogokoenetariko bat izaten jarraitzen du.

Denborarekin joan naiz teknika konplexuagoak ezagutzen. Asko gogoko dut natura-argazkilaritza, ez bakarrik argazkiak egitea gustuko dudalako, baizik eta inguratzen gaituen hori ondo ezagutu beharra dagoelako ere: espezieak ezagutu, aztertu, bere ohiturak barneratu…

Lotura indartsuak eta oso bereziak sortzen dira bai animaliekin baita paisaiarekin ere. Animaliek bezala paisaia bakoitzak ere bere uneak ditu, bere urtaroak… Finean, argazki bakoitzak ikerketa lan propio eta zabala du atzetik.

Zaletasun honek urrutiko paisaietara ere eramango zintuen.

Egon izan naiz penintsulatik animalia bitxiei argazkiak egiten, baina Aiaraldea bezalakorik ez dago. Noski gustatuko litzaidakeela Alaskara joatea animalia arraro eta ezezagun bat fotografiatzera, baina gehiago asebetetzen nau ingurukoak, okil berde bati argazki bat ateratzeak, adibidez.

Hain da aberatsa Aiaraldeko biodibertsitatea… oraindik gauza asko eta asko ditut hemen ezagutzeko.

Xabier Ramosen instagram kontuan jarraitu daiteke argazkilari gaztearen lana: @xabiramos

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide