Nora Mendizabal garaile Okondoko Lau eta Erdiko Master Txapelketako final zortzirenetan, Elite mailan

Jone Gartzia Gerra 2022ko aza. 9a, 21:00

Okondon jokatu zituzten Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa Txapelketako lehen kanporaketak. Nora Mendizabal andoaindarrak Leire Galeano antzuolarrari hartu zion gaina, 22-12 irabazita.

Joan den igandean, azaroaren 6an, jokatu zituzten Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa Txapelketako final zortzirenetako kanporaketa partidak. Norgehiagokak Okondon eta Usansolon jokatu zituzten eta Nora Mendizabal eta Leire Garai gailendu ziren, hurrenez hurren.

Okondon zazpi partida jokatu zituzten igande arratsaldean. 16:00etan pilota goxuarekin aritu ziren hiru nagusi bikote, 17:00etan pilota mistoarekin bi gazte bikote eta 18:00etan eliteko jokalariak zelairatu ziren. Elite mailan Nora Mendizabal Ezeiza andoaindarra eta Leire Galeano Mondragon antzuolarra lehiatu ziren. 22-12 irabazi zuen Mendizabalek eta final laurdenetarako txartela eskuratu zuen horrela.

Usansolon, aldiz, Leire Garai gasteiztarra eta Olatz Beitia lekeitiarra aritu ziren pilota mistoko elite mailan. Arabarrak lortu zuen hurrengo kanporaketara igarotzea, 22-5 gailenduta.

Guztira, 65 emakumek hartuko dute parte Lau eta Erdiko Master Txapelketan. Horietatik 28 pilota mistoarekin lehiatuko dira eta gainerakoak pilota goxoarekin. Iragan urriaren 29an eta 30ean egin zituzten aurrekanporaketak Legution eta Atxondon, eta Usansoloko eta Okondoko pilotalekuetatik igarota, norgehiagokak Gordexola, Berriz, Galdakao eta Abadiño izango ditu geraleku. Finala abenduaren 10ean jokatuko da Zornotzako Zelaieta frontoian.

Argazkiak: Okondoko Udala

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide