Batez ere haurrentzako ekintzak antolatzen dituen elkartea da Okondo Begira. Herrian gaztetxoek zeukaten jarduera faltak bultzatu zituen zenbait guraso taldea osatu eta askotariko dinamikak prestatzera. Haur, gazte eta gurasoentzako ikastaroak antolatu dituzte eta, aurten, lehen aldiz, Gabon zaharreko ospakizuna prestatu dute.
11:00etan jarri dute hitzordua frontoian, aurpegiak margotu eta 12:00etarako dena prestatzeko. Tarte horretan, Partymanen ikuskizunak girotuko du herria. Parrokiako kanpaiek 12:00etan joko dutenean lehertuko da festa. Haurrentzako lakasitoak banatuko dituzte kanpaiekin batera jan ditzaten. Ostean ere jarraituko du diskofestak.
Okondo Begira elkarteko Naiara Escuzak azaldu du familia guztientzako irekia dagoela ekitaldia eta ez dela aurrez izena behar. Horrez gain, datorren urteari begira ekintza gehiago antolatuko dituztela aurreratu du, zibersegurtasunaren inguruko ikastaroak, gau beltza, mendi irteerak edo bestelako txangoak, esaterako.
