Udalerriari buruzko informazio guztia herritarren eskura jartzea, literalki. Helburu horrekin jarri ditu Okondoko Udalak hainbat ukipen eta informazio pantaila herrian barrena. Alde batetik, informazio pantaila bat jarri dute Arenalde parkearen alboan, udalerriari lotutako jarduerak, abisuak eta informazioa zabaltzeko.
Bestetik, beste hiru pantaila jarri dituzte Goikoetxea parkea, San Roman eskolan eta frontoiaren parean. Pantaila horiek ukipenaren bidez maneiatu daitezke. Modu horretan, herritarrek aukera izango dute Okondoko Udalaren webgunean sartu eta bertan dagoen informazio guztia kontsultatzeko: agenda, turismoari lotutako informazioa, autobusen ordutegiak...
Mota horretako beste bi pantaila jarri nahi ditu tokiko erakundeak, dendaren eta jubilatuen klubaren zonaldeetan.
Udalak azaldu duenez, bizilagunek eginiko eskari bati erantzuten dio egitasmoak, eta helburu bikoitza dauka: papera aurreztea eta informazioa modu azkar eta gaurkotuan kontsultatu ahal izatea.