JUSTINO ARTO LUARCA

“Errekorren Guinness Liburuan sartzea bildumazale bezala egindako 35 urteko lanari aitortza litzake”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urt. 22a, 13:30
Justino Arto okondoarrak 26.000 pin eta txapa bildu ditu urte luzez. / Aiaraldea.eus

JUSTINO ARTO LUARCA (Laudio, 1959) okondoarrak 35 urte eman ditu pin bilduma osatzen, eta Errekorren Guinness Liburuan sartzea du helburu. Orain erakusketak antolatzen hasi da Aiaraldeko udalerrietan.

Milaka pin bildu dituzu urte luzez. Nola hasi zinen zaletasun honekin?

Mundu honetan 27 urterekin hasi nintzen. Ordurako hainbat pieza nituen, oso gauza deigarria ziren niretzako. Bildumari ekin nion eta denbora gutxian pin asko eskuratu nituen.

Nire alabak ere asko lagundu ninduen bilduma osatzen, asko animatu ninduen. Berak albo batera utzi zuen zaletasuna eta nik ere bilduma geldirik izan nuen tarte batez.

Gerora, berriro hasi nintzen bildumarekin, eta berriz ekite horretan piezen sailkapen zehatzagoa egiten hasi nintzen ere.

Nola egiten duzu piezen sailkapena? Zer hartzen duzu kontuan?

Hasieran paper dendetara joaten nintzen eta pinen fotokopiak egiten nituen, irudi horiekin fitxak osatu eta berriro gordetzen nituen. Baliabide informatikoak hobetuz joan ahala niri ere lana asko erraztu didate. Orain piezak eskaneatu eta Word artxiboetan gordeta sailkatzen ditut

Gaika sailkatzen ditut, eta hauei buruzko datu gutxi batzuk gehiago biltzen ditut ere. Guztira, 35 urte behar izan ditut bilduma guztia ordenatzeko, eta oraindik ere badago lana.

Pin batzuetan oso agerikoa da zerri buruzkoak diren, beste kasu batzuetan, ordea, ikerketa lan asko dago piezaren atzean dagoen historia ezagutzeko.

“21.000 pin ditut bilduman klasifikatuta, eta beste 5.000 sailkatzeke”

Zenbat piezek osatzen dute zure bilduma?

21.000 pin ditut sailkatuta eta 5.000 oraindik sailkatu gabe. Kopuru horietatik kanpo hainbat txapa eta intsignia ere baditut. Etengabe ari naiz pieza berriak jasotzen. Orain Okondon egindako erakusketara jende askok dohaintzan ekarri ditu bere etxean zituen pinak.

Errepikatuta ditudan piezak beste katalogo batean biltzen ditut, gainerako bildumazaleekin trukatzeko. Horrela lortu izan ditut pieza gehienak, elkar trukatuz. Bildumazaleok zorte handia dugu; izan ere, martxoan pin-bildumazaleen azoka handi bat egiten da Mungian. Leku zoragarria da, denetarik aurkitu daiteke bertan. Gasteizen eta Iruñan ere egiten dituzte horrelakoak.

Elkarrekin harreman estua mantentzen duzue bildumazaleok orduan.

Adibide bat jartzearren; nik ez ditut futbol taldeen pinak biltzen, bai ordea mundu osotik barreiatutako Athletic Clubeko peñen pinak. Peña asko daude eta bi lagunen artean hasi ginen pieza desberdinak elkar trukatzen. Bildumazale gehiagorengana iritsi zen albistea eta orain Whatsapp talde bat antolatu dugu 32 parte hartzailerekin.

Orain Athleticeko peñaren batek pin berri bat atera nahi badu talde horretan jakinarazten da eta enkargua egiten zaie. 2016an sortu genuen taldea. Geroztik bolumenean, ez pieza desberdinen kopuruan, 26.000 pin kudeatu ditugu bertatik.

Aipatu duzu futbol taldeen pinak ez dituzula biltzen. Zein gai lantzen dituzu bilduman eta zeintzuk ez?

Ezinbestekoa da bildumako gaiak mugatzea, oso zaila da guztieti arreta jartzea. Gai batzuetan besteetan baino zentratuago nago. Gehien landu dudan gaietako bat udal harmarrien bilduma da. Jakin badakigu bilduma edo atal horrek muga bat daukala; izan ere, Espainiako Estatuan 8.000 udal daude guztira. Badago gerora Portugaleko edota Europako udalerrien harmarriak biltzen joan denik, baina nik nahiago dut gutxika joan.

Asko falta zait oraindik udalerri guztiak biltzeko, 3.800 ditut. Udalerri askok txikiak izateagatik, edota promozio turistikoa egiten ez dutelako, ez dituzte harmarrien pinak kaleratzen. Hori dela eta, Xixoneko fabrikante batekin hasi dut elkarlana udal desberdinei harmarrien pinak eskaintzeko eta bilduma osatzen jarraitzeko. Sei hilabete eman nituen ehunka udalerriekin harremanetan jartzen 100 unitateko pin loteak egiteko baimena eskatzeko. Horri esker lortu dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri guztien pinak biltzea. Guztira, 80 bildumazalek EAEko hiru probintzien bilduma osatzea lortu dute.

Zer beste gai landu dituzu?

Motozaleen mundua ere asko gustatzen zait. Izan ere, pieza oso handiak eta deigarriak dituzte. 1.000 pieza baino gehiago bildu ditut: motozale kluben txapak Harley Davinson-en pin promozionalak…Euskarari lotutako gaiak jasotzen dituzten pin asko ditut, baita alderdi eta mugimendu politikoen pin asko ere.

Kirol gaiak ere ez dira falta. Gasteizko Manuel Iradier taldea Hiru Handiak mendi lasterketa antolatzen hasi zenean pin bat kaleratu zuen, hori da mendiko gaiei lotuta nik jaso nuen lehenengo pina. Estimu handia diot pieza horri.
Lantzen ari naizen azken gaia Espainiako Estatuko udaltzaingoen intsignien pinak dira. Dagoeneko 54 probintzia hiriburuetako polizien pinak bildu ditut, eta autonomia erkidegoetako polizien pinak biltzeari ekin diot orain.

Errekorren Guinness Liburuan sartzeko zure hautagaitza ari zara prestatzen orain.

Hala da. Gaika sailkatuta ditudan fitxa guztiak eta sortutako dokumentazio desberdina Errekorren Guinness Liburuko hautagaitza aurkezteko inprimaki ofizialetan ari naiz jasotzen.  Badago errekor bat, duela urte batzuk Andorrako Pinaren Museoari aitortua. Bere garaian 120.000 pin izatera iritsi zen eta errekorra eman zioten. Erakundea ez da esistitzen gaur egun, eta ni nire burua norbanako bezala aurkeztera animatu naiz. Ikusiko dugu zer gretatzen den. Errekorren Guinness Liburuan sartzea bildumazale bezala egindako 35 urteko lanari errekonozimendua litzake niretzako.

“Urte eta erdi falta zait jubilatzeko, uste dut prest nagoela ordurako, ez dut aspertzeko tarterik izango, bildumazaleon lana ez da inoiz bukatzen”

Zer balio ematen diezu zuk pinei?

Niretzat pin bakoitzak ekitaldi edo gertakari baten historia kontatzen du. Bilduma birpasatzera sartzen zaren bakoitzean oroitzen dituzu mugarri historiko desberdinak.  Baina, batez ere, lagunekin elkartzeko aitzakia dira pinak, kafe baten bueltan elkar ikusi eta bildumako piezak trukatzeko. Gainera, nik daukadan adinarekin, burua lanpetuta eta aktibo egoteko arrazoi bat ematen dit bildumak. Osasun arazoak tarteko, mendira joateari utzi behar izan diot, artrosi degeneratiboa dut eta, pinek burua okupatuta izaten laguntzen didate. Beti egon naiz mendiarekin oso lotua. Mendiko Lagunak taldeko presidente izan nintzen zortzi urtez eta Ganekogorta Mendi Kluba sortu nuen Okondon. Urte eta erdi falta zait jubilatzeko, uste dut prest nagoela ordurako, ez dut aspertzeko tarterik izango, bildumazaleon lana ez da inoiz bukatzen. Oso inportantea deritzot jendea jubilaziorako prestatzea. Izan maite duen afizioa elikatzen edota ekintza kulturaletan parte hartzen. Ni zorionekoa naiz, badut helburu bat; izan Guinness aitortza edo izan bilduma handitzen jarraitzea.

Okondon egin duzu erakusketa berriki. Baduzu bestelako asmorik etorkizunerako?

Urtarrileko lehenengo egunetan Okondoko Kultur Etxean antolatu nuen pin erakusketa, Aiarako Kuadrillaren laguntzerekin. Oso harrera ona izan zuen erakusketak, 200 bisita baino gehiago jaso genituen. Aurrera begira, Aiarako Kuadrillako teknikariekin jarraitzen dut harremanetan eskualdeko gainerako udalerrietan erakusketa ibiltari bat antolatzeko. Proposamena luzatu diegu Laudioko, Artziniegako, Aiarako eta Amurrioko Udalei, eta Urduñara, Orozkora eta Ugaora ere bidaliko ditugu erakusketa antolatzeko eskaerak. Gainera, Amurrioko beste bildumazale batekin jarri naiz harremanetan, Aitor Isasirekin. Asmoa erakusketa ibilatarian bion piezak erakustea da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide