Zer balorazio egiten duzu Udalaren 2022ko jardunaren inguruan?
Beti esaten dut Okondo herri garbia eta polita dela. Hain zuzen, 2019an alkatetzara iritsi nintzenetik helburuetako bat hori izan da, eta uste dut lortu egin dela. Bereziki pozik nago emaitzarekin, brigada osatzen duten udal-langileek lan ikusgarria egiten baitute. Gauza bera gertatzen da herritarrentzako arreta-zerbitzuarekin, eta herritarrekin harremanetan dauden arlo guztiekin, tratua oso gertukoa da. Xehetasunak zaintzen dituzte eta euren esku dauden konponbideak eman.
Zer behar izan dituzte aurten herritarrek?
Auzokideekin izandako bilerei esker, euren beharren berri izan dugu. Bileretan gehien errepikatu direnen artean hurrengoak nabarmenduko nituzke: argiztapen-puntuak handitzea, txakurren ordenantza diseinatzea, bide-segurtasuna hobetzea, paperontzien kokapena edo gabezia eta bideak, pistak, arekak...
Zer proiektu bultzatu ditu Udalak aurten?
COVIDaren pandemiaren ondoren, eta normaltasunera itzulita, auzoetako batzarrak egin ditugu, berriro ireki dugu Negutxokoa eta WhatsApp kanal bat aktibatu dugu udal-informazioa zabaltzeko. Azken hau Udala erakunde hurbilagoa eta gardenagoa egiteko ahaleginaren barruan kokatzen dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrekin harreman zuzena izateko eta erabakien berri emateko. Horrez gain, etorkizunean ukipen-totem digitalak eta informazio-panel bat jarriko ditugu, herritarrek zein turistek udalerriak eskaintzen dituen aukerak ezagutu ditzaten. Interaktiboak izango dira eta askotariko informazioa emango dute: ordutegiak, ekintzak, bandoak...
Zeintzuk izan dira aurtengo erronka handienak?
Egia da bide hau guztia ez dela erraza izan. Niretzat egun bakoitza erronka bat da, eta zailtasunei aurre egiten diet, hainbat gairi irtenbidea emateko. Are gehiago, askotan eman beharreko erantzunak ez dira atseginak izaten.
Eta berri onenak?
Zalantzarik gabe, albisterik onena normaltasunera itzultzea eta jaiez gozatzea izan da, jendearekin elkartzea eta sozializatzea, pandemia aurreko urteetan bezala. Horren urte gogorrak igaro ondoren, pozgarria da bizilagunekin hitz egin ahal izatea, maskararik eta segurtasun-distantziarik gabe. Gure auzoetako jaiez, kultur jarduerez edota kirol jarduerez berriro gozatu ahal izan dugu eta harrera bikaina izan da.
Zoritxarrez, suteek ere protagonismo handia izan dute herrian.
Oso egoera gogorra izan da, oso tristea, ez dut gogoratzen lehenago Okondon horrelakorik bizi izana. Egia esan, oso une hunkigarriak izan ziren. Alkate gisa bizitzea egokitu zaidan unerik zailenetako bat izan da.
Udan, lehortearen eta tenperatura altuen ondorioz, uraren erabilera arautu behar izan zenuten. Zer ondorio izan zituen debekuak?
Tenperatura altuak edo euri-jasak daudenean, oso adi egon behar dugu edateko uraren zerbitzua emateko orduan. Okondon iturburu propioekin hornitzen gara, eta eguraldi txarrak eragiten digu. Udan bando bat zabaldu genuen herritarren erantzukizuna eskatuz eta zenbait erabilera debekatuz, hala nola kotxeak garbitzea, lorategiak eta ortuak ureztatzea eta igerilekuak betetzea, hornidura-sareko ur-mozketak saihesteko. Horrela, uraren oinarrizko erabilera bermatu genuen eta ez zen mozketarik egin behar izan. Mantentze lanengatik soilik eten genuen hornidura une jakin batzuetan.
Baina, irailean ur-hornidura eten behar izan zen etxeetan eta iaz ere arazoak egon ziren. Ez da hala?
Zuzenketa bat egin behar dut, informazio hori ez delako zuzena. Lehen azaldu dudan bezala, ez da hornidura-etendurarik izan, mantentze-lanengatik eten puntualak baino ez. Gerta daiteke, zerbitzua berriz ematean sortzen den ahari-kolpeak hodietan dagoen zikinkeria apurra mugitzea, baina txorrotako ura pixka bat irteten utzita konpontzen da.
Bestalde, bizitza instituzionala arautzeko Jokabide Kodea onartu zenuten Udalean. Ia urtebete igarota, zer balorazio egiten duzu?
Kode hori onartuta Udalak urrats bat eman zuen aurrera, eta jendaurrean jakinarazi zuen Okondoko udalbatza osatzen dugun kideok edozein diskriminazio motaren aurka gaudela. Ordezkari publiko gisa, erakunde guztietan eredu izan behar dugu, tokikotik hasita, herritarrengandik hurbilen dagoelako. Horrela egin dugu eta egiten jarraituko dugu etorkizunean ere.