Iritsi dira Aratusteak Okondora ere. Aste osoan zehar ibili dira mozorroekin ekimenak egiten herriko eskolan. Hala adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari bertako irakasleek. Piraten eguna, pijamarena, mozorro librearena, zapiena... Orotariko jarduerak garatu dituzte modu horretan.
Gaur izan da, ordea, egun nagusia. 16:00etan zuten hitzordua jarria Okondoko Eskolan, eta ez dute hutsik egin ikasleen senide zein lagunek. Gainera, gurasoek ere egin dute bat deialdiarekin, espazioko langileez jantzita bertaratu baitira.
Ikastetxeko ekitaldiaren ondotik, herriko frontoira jo dute kalejiran, Udalak eginiko deialdiari segika. Hala, umeentzat jolasak eta festa izan dira nagusi arratsalde osoan zehar.