Feminismoaren inguruan hausnartzeko aukera Okondon, ondo pasatu bitartean

Jone Gartzia Gerra 2023ko mar. 2a, 15:24
Mireia Delgado Exposito (Durango, 1984) pedagogo eta antropologo feminista da.

Martxoaren 12an, igandean, nagusientzako ipuin kontalaria antolatuko du Okondoko Udalak. Mireia Delgado pedagogo feministak hainbat ipuin baliatuko ditu ikus-entzuleak pentsarazi eta barre eragiteko. Aiaratik autobusa jarriko dute saiora joan ahal izateko.

Mireia Delgado pedagogo feminista, bitartekari literarioa eta ipuin-kontalaria da. Bere proiektuetan ikaskuntza prozesuak, hezkidetza eta haur literatura uztartzen ditu. Berriki, Okondo Eskolan egon da formazio saio bat ematen bertako familiei, irakasleei eta jantokiko langileei, eta oso gustura egon dira berarekin, Naiara Otaola zinegotziak azaldu duenez.

Otaolak argitu du Delgadok berak aipatu ziela oso interesgarria dela helduekin feminismoa ipuinen bidez lantzea. “Ikusi genuen aukera hobezina zela hemen, Okondon, horrelako ipuin kontalari bat izatea helduentzat”, azaldu du. Izan ere, haurrentzako gauza asko programatzen diren bitartean, gazteek eta helduek aukera gutxi izaten dituzte herrian horrelako ekintzez gozatzeko.

Saioa martxoaren 12an izango da, igandean, 18:00etan Kultur Etxean. Okondoko Udalak martxoaren 8aren harira antolatutako programazioaren barruan dago jarduera. Sarrera doakoa da eta ez da aurrez izenik eman behar. Gainera, aiararrek aukera izango dute bertara autobusez joateko, Udalak zerbitzu berezia jarriko baitu. Horretarako bai, izena eman beharra dago.

“Feminismoa azaltzeko beste modu bat”

Naiara Otaolak aukera izan du Mireia Delgadok Okondo Eskolan emandako formazio saioetan parte hartzeko, eta gazte eta heldu guztiei gomendatu die ipuin kontaldia.

“Hausnarketak egiteko baina, bereziki, ondo pasatzeko” jarduera izango dela aurreratu du. “Oso ona da, oso ondo kontatzen ditu istorioak eta publikoa erakartzen du”, goraipatu du zinegotziak.

Ez du saioaren inguruko detaile askorik eman nahi izan; baina aurreratu du publikoa pentsarazten utziko dutela Mireia Delgadoren ipuinek. “Ez dakizu ipuina nondik joango den. Ez dira betiko ipuinak eta, gainera, pentsarazten dizute”, laburbildu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide