Martxoaren 26an, igandean, Okondok XXIV. Baserri azoka ospatuko du. Aurten Garrastatxu baselizaren inguruan jarriko dituzte azoka postuak eta askotariko jarduerak prestatuko dituzte giroa alaitzeko.
10:30ean emango diote hasiera azoka egunari, musika-animazioak lagunduta. Goizean zehar haurrentzako tailerrak egongo dira eta eguerdian egurrezko jolasekin aritzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Ez hori bakarrik, 12:00etatik aurrera AiarAndreen Taupadak batukada arituko da azoka perkusioz girotzen.
Hainbat erakustaldi ere antolatu dituzte. 11:30ean artzain txakur erakusketa egongo da eta 13:30ean harri zulatzaileak arituko dira. Gainera, antzinako lanbideen erakustaldia egingo dute goiz osoan zehar. Zehazki, saskigintza eta errementaritza ogibideak nolakoak ziren erakutsiko dute.
