Ekosistema politiko propioa du Okondok. Sergio Tatok hartu zuen aginte makila 2011n, EH Bildurekin. 2015ean, aldiz, Okondo Aurrera talde independetearekin aurkeztu zen Tato, eta berriz irabazi zituen hauteskundeak, EH Bilduri botoen erdia baino gehiago kenduta.
2019an, aldiz, EAJ gailendu zen, eta EH Bildurekin batu zituen indarrak udal gobernua osatzeko. Izan ere, jeltzaleek zazpi botoko aldea baino ez zioten atera Okondo Aurrerari, eta koalizio abertzalearen babesa behar zuten.
Modu horretan, EAJk eta EH Bilduk elkarrekin gobernatzen igaro dituzte azken lau urteak, beste edozein tokitan pentsaezina izango litzatekeen gisara.
Gauzak hala, hiru talde politikoek izango dute zeresana maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, eta euren arteko akordio edota desadostasunak ere funtsezkoak izan daitezke gobernua osatzeko orduan.