Maiatzaren 12an bertan egin zuen Okondoko EH Bilduk udal eta foru hauteskundeen ekitaldi nagusia herriko frontoian. Indarrean dagoen legealdian izan dituzten bi zinegotziekin batera Natxo Urkixo Aiarako Foru Hauteskundeetako zerrendaburuak hitz egin zuen.
Joseba Ruiz Alonso 'Piru' koalizioko alkategaia eta zinegotzia eta Naiara Otaolak azpimarratu zuten euren sailetan nabaritu egin dela EH Bilduren eragina: "Bultzada bat ematea lortu dugu, aurrerapauso bat ematea kudeatu behar izan ditugun arloetan: berdintasuna, mendiak, euskara eta abeltzaintza".
Hori dela eta, eurentzat urrats logikoena eurentzat da alkatetzara heltzea: "Gobernatzeko garaia da, bada garaia herri hau erabat berbizi dadin, eta benetako berdintasunean, parte-hartzean eta aniztasunean bizi dadin. Gure konpromisoa bizi diren eta herria bisitatzera datozen pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea da, eta zentzu horretan herria lantzen jarraituko dugu. Daukagun ondare txikia bultzatzen jarraituko dugu, eta horrela erakutsiko diogu bisitatzera datorren pertsona orori".
Azkenik, helburu horri ilusioz eta gogoz heldu diotela ziurtatu zuten hautagaiek.
Argazkiak: EH Bildu Okondo