Pasa den ostiralean egin zuen Okondoko EAJk hauteskunde ekitaldi nagusia herriko frontoian eta Jon Escuza egungo alkatea eta jeltzaleen alkategaiak eta Ramiro Gonzalez Arabako Foru Aldundiko Ahalgun Nagusia eta ahaldungaiak hartu zuten hitza.
Escuzak mezu argia zabaldu zuen: "Lasai atera gintezke kalera eta herritarrei begietara begiratu, indar guztiak utzi baititugu azken lau urteetan". Hala ere, zerrendaburuak adierazi zuen ilusio eta indar handiz ekin diotela kanpainari: "Egindakoaren emaitzak onak izan dira, baina hobetu nahi ditugu, gure proiektuak aurrera egin dezan. Duela lau urte heldu ginen Udalera herria paralisitik ateratzeko eta bide horretatik jarraituko dugu, Okondok aurrera egin dezan".
Zentzu horretan, Escuzak goraipatu zuen EAJk herrian duen gobernatzeko eredua: "Herritarren arazoak konpontzeko gaude, eurekin hitz egiten dugulako eta lehen eskuz ezagutzen ditugulako. Horregatik eskatzen dugu berriro konfiantza ematea".
Ramiro Gonzalezek Jon Escuzaren lana babestu zuen: "Oso konprometitua dago herriarekin eta behin eta berriro deitzen gaitu Okondorentzat gauzak lortzeko. Aldi berean, guk oso aintzat hartzen dugu, ikusten baitugu herriak arduratzen duela. Horren adibidea da udal kiroldegirako lortutako dirulaguntza".
Gonzalezek gogoratu zuen bere lana Foru Aldundian dela Okondo, Aiara eta Araba osoa hobetzea eta aurrera egitea.
Argazkiak: Okondoko EAJ