Unzabetxeko zenbait auzokide Aiaraldea Komunikabidearekin jarri dira harremanetan salatzeko apirilaren 26tik ur beltzen isurketak zeharkatzen duela auzunea. "Ezin ditugu ezta etxeko leihoak ireki", adierazi du okondoar batek.
Egun horretan hasi ziren azaleratzen ur beltzak eta maiatzaren 15ean enpresa bat kontratatu zuten putzu septikoa garbitzeko.
Enpresak putzua hustu eta ziurtatu zien auzokideei, txosten batekin, hodia buxatuta zegoela harriekin edo lokatzarekin eta ez zela erabilgarria.
Gauzak horrela, 24 ordutan isurketa berriro azaleratu zen. URA Agentziako teknikari batek egin zuen bisita maiatzaren 16an eta aholkatu zuen enpresa deitzea berriro, baina auzokideek azaldu zioten, alde batetik, enpresako jardunaldi bakoitzak 1.600 euro balio duela, eta, bestetik, arazoa hodian dagoela.
Geroztik, Unzabetxeko herritarrak saiatu dira URAk bere gain hartzen arazoa, baina momentuz ez dute lortu eta ur beltzek auzunea zeharkatzen jarraitzen dute, ibaian amaitzeko.