Apirilaren amaieran izan ziren Okondoko Aliaxis lantegiko hauteskunde sindikalak. LAB gailendu zen bozketetan, hiru delegatu lortuta. CCOOk, bere aldetik, bi ordezkari eskuratu zituen. Azken urteetan azken sindikatu horrek izan du gehiengoa enpresa batzordean, hiru kiderekin, eta ELA eta UGTk ordezkari bana izan dute.
Hauteskundeak irabazita, enpresako egoerari “buelta ematen saiatzeari” ekin dio LABek, “aurreko enpresa batzordeak herentzian utzitako egoera tamalgarriaren” ondorioz. Sindikatuak azaldu duenez, Okondoko lantegia Alacanteko beste batekin fusionatu zuten iaz. “Enpresaren berregituraketa bat eman zen orduan, hainbat lankideren kaleratzearekin amaitu zena”, salatu dute langileen ordezkariek.
40 herrialdetan aritzen den multinazionala da Aliaxis, eta 14.000 behargin ditu guztira. Horietako 90 inguruk egiten dute lan Okondoko lantegian. Materiales de Aireación SA (MASA) gisa ere ezaguna da fabrika, hori baitzen bere jatorrizko izendapena. Plastikozko tutuak ekoizten dituzte bertan, estrusioa baliatuta.