Una ballena Okondon grabatutako pelikularen filmazioa amaitu da. Izan ere, maiatzaren hasieran ekin zioten lanari eta sei astez luzatu behar zen.
Film horretan Ingrid Garcia-Jonsson eta Ramon Barea izan dira antzezle ezagunenak eta Aiaraldea Komunikabideak berretsi du, gutxienez, aktore bilbotarrak parte hartu zuela Okondoko grabaketan.
Zehazki, lan hori Arenal 16 eta Villachica 1 helbideen artean dagoen etxebizitza batean egin zuten. Gauez eta egunez aritu ziren bertan eta auzokideek aipatu diote hedabideari kamioiak baliatu zituztela talde guztia zein azpiegiturak eramateko.
Horrez gain, etxebizitzarekin harremana duen lagun batek ziurtatu dio komunikabideari Ramon Bareak parte hartu zuela filmazioan. Okondoko Udalak laguntza eskaini bazuen ere, erakundeak ezer gutxi jakin izan du pelikulari buruz, ekoizpen arduradunekin aritu baita elkarlanean.
Okondon ez ezik, Bilbon eta Bizkaiko zenbait tokitan ere jardun da Una ballenako taldea. Istorioan Ingrid Garcia Jonsson hiltzaile profesional baten azalean jartzen da eta bere arrakastaren sekretua fantasiazko mundu bati dago lotuta.
Ramon Barearen pertsonaia, ordea, enpresari boteretsua da, zeina etxe-gotorleku batean bizi den. Jonssonek filmean izango duen eginkizuna hura akabatzea izango da.
Zuzendaria Pablo Hernando gasteiztarra da. 2015ean Berserker pelikula egin zuen. Proiektu horretan zinema beltza landu zuen eta honetan, aldiz, thrillerra jorratu du.