'Una ballena' pelikularen grabaketa amaitu dute, besteak beste, Okondoko etxe batean filmatutakoa

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 20a, 07:00
'Una ballena' filma grabatu duten etxea. / Aiaraldea.eus

Maiatzaren lehen bi asteetan grabatu zituzten filmaren pasarte batzuk Okondoko etxebizitza batean eta Ramon Barea antzezleak parte hartu zuen horietan.

Una ballena Okondon grabatutako pelikularen filmazioa amaitu da. Izan ere, maiatzaren hasieran ekin zioten lanari eta sei astez luzatu behar zen.

Film horretan Ingrid Garcia-Jonsson eta Ramon Barea izan dira antzezle ezagunenak eta Aiaraldea Komunikabideak berretsi du, gutxienez, aktore bilbotarrak parte hartu zuela Okondoko grabaketan.

Zehazki, lan hori Arenal 16 eta Villachica 1 helbideen artean dagoen etxebizitza batean egin zuten. Gauez eta egunez aritu ziren bertan eta auzokideek aipatu diote hedabideari kamioiak baliatu zituztela talde guztia zein azpiegiturak eramateko.

Horrez gain, etxebizitzarekin harremana duen lagun batek ziurtatu dio komunikabideari Ramon Bareak parte hartu zuela filmazioan. Okondoko Udalak laguntza eskaini bazuen ere, erakundeak ezer gutxi jakin izan du pelikulari buruz, ekoizpen arduradunekin aritu baita elkarlanean.

Okondon ez ezik, Bilbon eta Bizkaiko zenbait tokitan ere jardun da Una ballenako taldea. Istorioan Ingrid Garcia Jonsson hiltzaile profesional baten azalean jartzen da eta bere arrakastaren sekretua fantasiazko mundu bati dago lotuta.

Ramon Barearen pertsonaia, ordea, enpresari boteretsua da, zeina etxe-gotorleku batean bizi den. Jonssonek filmean izango duen eginkizuna hura akabatzea izango da.

Zuzendaria Pablo Hernando gasteiztarra da. 2015ean Berserker pelikula egin zuen. Proiektu horretan zinema beltza landu zuen eta honetan, aldiz, thrillerra jorratu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide