Okondoko Udalak Txakolin Jaia Garaikoetxea parkera eramango du hauteskundeen ondorioz, eta erabakiak polemika sortu du

Aitor Aspuru Saez 2023ko uzt. 6a, 07:00

Aurtengo Txakolin Jaia ez da San Bartolome plazan izango. / Aiaraldea.eus

Udal gobernu taldeak atzo jakinarazi zuen Txakolin Jaia Garaikoetxea parkean egingo dutela, EH Bilduk plaza ekitaldi politiko baterako eskatu duelako, baina koalizioak hori gezurtatu du, azalduta propaganda banaketa baino ez dutela egingo.

Lehenengo aldiz Txakolin Jaia San Bartolome plazatik Garaikoetxea parkera egingo du salto larunbatean. Hala erabaki du udal gobernu taldeak eta atzo mezua zabaldu zuen horren berri emateko.

Zehazki, EAJko taldeak azaldu du Hauteskunde Batzordeak jakinarazi diola EH Bilduk plaza eskatu duela egun horretan bertan, larunbata 8, goizean ekitaldi politikoa egiteko.

"Udalaren ustez, ezin dira nahastu jaietako jarduera soziokultural bat eta ekitaldi politiko bat. Horregatik, Udalak ekintzaren kokapena aldatu behar du Carlos Garaikoetxea parkera", adierazi dute.

EH Bilduk ziurtatu du ez duela ekitaldi politikorik deitu

Edonola ere, EH Bilduk ere mezua zabaldu du sare sozialetan eta honakoa ziurtatu du: "guztiz faltsua da egun horretarako ekitaldi politiko bat deitu izana, eta hala jakinarazi diogu Udal Gobernuari".

Koalizioa oso kritikoa izan da erabakiarekin eta nabarmendu du eurek bakarrik eskatu diotela baimena Hauteskunde Batzordeari Txakolin Jaian propaganda banatzeko, eta ez inolako ekitaldirik egiteko.

"Hauteskunde-batzordeak baimena eman du, hauteskunde-gune bat delako, Udalak berak hala zehaztu duelako. (...) Hala ere, Txakolin Azokaren ospakizuna lekuz aldatzea erabaki du propaganda banaketa sinple batengatik", salatu du EH Bilduk.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide