Okondoko udalbatzak onartu du Jon Escuza alkatea liberazio osoan aritzea hasi berri den legealdian. Horrela, lanaldi erditik esklusibotasunera igaroko da. Izan ere, aurreko legealdian enpresa pribatu batean %66ko lanaldia izan zuen (32.563,36 euro jasota) eta %50ekoa udalean (24.950,27 euro irabazita). Hau da, guztira 57.513,63 euro jaso zituen urtero.
Urritik aurrera, ordea, 49.338 euro jasoko ditu udaletik -8.000 euro gutxiago-, baina lanaldi osoa izango du alkate moduan.
Modu horretan, espero du indar guztiak Okondoko Udalak izango dituen erronketara bideratzea; Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) idazketara edota kiroldegi berriaren eraikuntzara, besteak beste.
Sergio Tatoren aurrekaria
Alkatearen soldata eta dedikazioa eztabaidagaia izan zen Sergio Tato azkenengo aldiz alkate izan zenean. Hain zuzen, oposizioak (EAJk eta EH Bilduk) lanaldia erdira murriztu zioten eta Okondo Aurrerako ordezkariak epaitegira eraman zuen erabakia.