ALMUDENA OTAOLA

"Senatuan oso harreman onak izan ditut talde guztiekin, salbu Vox-ekin. Horiekin ez dugu harremanik nahi"

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 7a, 09:15

Almudena Otaola senatari arabarra izan da aurreko legealdian. / Aiaraldea.eus

ALMUDENA OTAOLA (Okondo) Arabako EAJko senataria izan da lau urtez eta bere esperientziari, Arabako hauteskunde orokorretako emaitzei edota Senatuaren funtzionamenduari buruz mintzatu da.

Hauteskundeak izan baino lehen, aipatu zenion Aiaraldea Komunikabideari senatari jeltzalea lortzea Araban mugarria izan zela 2019an eta zaila izango zela errepikatzea.

Egia da 2019ra arte EAJ ez dela inoiz indar bozkatuena izan hauteskunde orokorretan. Batzutan bigarren indarra izan gara eta 1989an senataria izan genuen azken aldiz, ni izan arte.

Ezustea izan zen eta nik pozik hartu nuen ardura, baina senataria eskuratzeko edo lehen indarra zara hauteskundeetan, edo bigarrena. Hiru senatari eta bakarra egokitzen zaizkie indar horiei, hurrenez hurren.

Udal hauteskundeen emaitzak ikusita eta aintzat hartuta Gasteiz (zirkunskripzio osoaren datuak hartzen dira kontuan senatariak banatzeko), erronka zaila zen. Argi geneukan hori, eta kanpaina gogoz eta ilusioz egin genuen, baina jakinda zaila zela.

"Bagenekin zaila izango zela Araban ordezkaria lortzea Senatuan"

Udal eta foru hauteskundeak aipatu dituzu, baina emaitzak oso bestelakoak izan dira orokorretan.

Bai, nik uste dut ezin dela alderatu. Hauteskunde orokorrak oso ezberdinak izan dira eta argi geratu da jendea beldur zela eta ez zuela nahi PP eta Vox alderdiek osatutako gobernua sortzea. Badakite zer esan nahi duen horrek.

Gure kasuan boza erabilgarria PSE-EEra joan da. Alderaketa, hortaz, zaila da. Hedabideetan kanpaina oso modu presidentzialean landu da eta gure ustez jokoan zegoena zen nork ordezkatuko dituen Arabako interesak Madrilen.

Dena den, jendeak berak esan digu, oro har, EAJ bozkatzen dutela, baina hauteskunde orokorretan PSE-EE edo PP bozkatuko zutela, presidentea hautatzeko.

Ezustekoa izan da?

Nik argi nuen oso zaila zela. Beti duzu itxaropena eta dena gogoz egiten duzu, baina hasieratik, bozketak amaitu zirenean, emaitzak adierazgarriak ziren. Uneren batean PSE-EEk boto kopuruak bikoiztu zituen, baina horrelakoa da politika.

Espainiako Senatuan ibili zara lau urtez, baina Kongresuak askoz ikusgarritasun gehiago dauka.

Bai, egia da Senatuak ez daukala oihartzunik. Azkenaldian apur bat gehiago, baina Feijoó zegoelako. Hala ere, Senatuak Kongresuak bezala egiten du lan. Bigarren ganbara da eta legeak handik igaro behar dira aurrera egiteko eta onartzeko.

"Gure bozkatzaile batzuek esan ziguten hauteskunde orokorretan PSE-EE edo PP bozkatuko zutela presidentea hautatzeko zuzenean"

Hain zuzen, batzutan legeek eta proposamenek aurrera egiten dute Senatuan ez dutelako hedabideen arreta erakartzen. 

Egia esanda, gero hedabideetan agertzen diren zenbait gai Senatuan lantzen dira lehenago. Esaterako, Mikel Zabalzaren audioen afera guk landu genuen Senatuan lehenik eta behin.

Bi galdera egin genituen, Mikel Landak lehena audioen inguruan, eta nik bigarrena, Arturo Espejo poliziari buruzkoa, baina Aitor Estebanek galdera egin arte Kongresuan, ez zuen oihartzunik izan. Batzutan hori gertatu da, adibidez, sekretu ofizialen legearekin. 

Horrelakoa da eta onartzen da, ona baita batzuetan. Mediatikoak ez direnez, errazagoa da mozio batzuk aurkeztea eta onartzea.

Senatuan nolakoa izan da zure esperientzia?

Ona, Kongresuko EAJko taldearekin harremanak oso estuak dira eta egitasmo batzuk bateratuak dira. Bozeramaileek bilerak egiten dituzte astero eta komunikazioa handia da. 

Beste taldeekin ere harremana ona da. Voxekin kenduta, horiekin ez dugu harremanik eduki eta ez dugu eduki nahi. 

"Senatua ez da horren mediatikoa eta hori ona da zenbait moziok aurrera egin dezaten"

Harreman onak izatea garrantzitsua da gero egitasmoek aurrera egin dezaten. Esperientzia izugarria izan da eta eskertuta nago. Jende oso jatorra eta atsegina topatu dut, oso arrunta, nahiz eta bakoitzak bere jarrera defendatu.

Nolakoa izan da zure egunerokotasuna senatari izan zaren bitartean?

Asteartik ostegunera joaten nintzen Madrilera, bilerak eta batzordeak genituenean eta aukera izan dudanean joan-etorria egin dut. Oro har, astero bi edo hiru egun. Batzutan bakarra. 

Ondo moldatu naiz semeekin eta bizitasun handiko ardura da. Noizean behin lagunen bat joaten zen Madrilera eta galdetzen zidan afaltzeko leku bati buruz eta nik ez nekien zer erantzun. Egun osoa Senatuan nengoen eta inguruko tabernak baino ez ditut ezagutzen; kanpokoa eta barrukoa. 

Senatuan 08:30ean sartzen ginen eta 21:00etan, 22:00etan edo 23:30ean ateratzen ginen. Egun osoa hor sartuta geunden eta afaltzeko hurbil zegoen jatetxe edo tabernaren bat baliatzen genuen. Hiru egunetan aste osoko lana kontzentratzen saiatzen ginen eta gero telelana egin: legeak, batzordeak, agerraldiak prestatu... Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin ere bilerak egiten genituen gai batzuk prestatzeko.

Zein legetan uste duzu utzi duzula zure aztarna?

Niretzat oso garrantzitsua izan da Kirol Legea. Oso kezkatuta nengoen integrazio kuota ezarri nahi zutelako. Hau da, tokiko federazioak Espainiako Federazioan egon behar dira derrigorrez eta legeak atea irekitzen zion hori ordainduzkoa izatera.

"Euskadin Polizia Nazional eta Guardia Zibil gutxiago egotea eskatu dugu Senatuan, are gehiago ikusita Espainiako zenbait tokitan salatzen zutela nahikorik ez dutela"

Ni tematu nintzen eta aukera hori kendu zuten. Izan ere, Euskal Federazioak behartuta badaude Espainiakoan egotera, gutxienez, ez dezatela izan ordaintzeko beharra. 

Ez da oso publikoa izan, baina nire ustez garrantzitsua da. Susmoa geneukan federazio batzuek ordainketa behartu nahi zutela (automobilismokoa, adibidez) eta zuzenketa aurkeztu genuen.

Artisten estatutuan ere kronograma eskatu dut hainbat aldiz, gai garrantzitsua baita. Txema Urkijo da horren aholkularia eta tamalez berandu jakin izan nuen. Inportantea da artistak babestea.

Zein lege edo zein ekimen nabarmenduko zenuke zuen aldetik?

Behin baino gehiagotan ikusi dugu Espainiako zenbait tokitan salatzen zutela ez zutela Polizia Nazional eta Guardia Zibil nahikoa eta guk gogoratu dugu Gernikako Estatutuaren arabera, ez dugula behar horrenbeste polizia. Hortaz, aldarrikatu dugu Polizia Nazional eta Guardia Zibil gutxiago egotea Euskadin, guztion poztasunerako.

Eta orain ez zarela senataria, nolakoa da zure egunerokotasuna?

Orain langabezian nago. Hori horrela da. Ni politikan hasi nintzenean Foru Aldundiko lanpoltsa batean nengoen eta berriro aktibatu naiz han eta, zorionez, abuztuaren 29an berriro hasiko naiz lanean, Eusko Jaurlaritzako aholkulari lanetan, sei hilabetez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide