Irailaren 16an kimu kategoriako futbolak Okondo hartuko du. Izan ere, futbol-7 diziplinako Okondo Cup norgehiagoka jokatuko dute eta ia hamabi orduz luzatuko da jarduera.
Hamasei talde arabar, bizkaitar eta gipuzkoar batuko dira futbol zelaian, nor baino nor. 09:00etan abiatuko dute lehiaketa eta pilotak ez du atsedenaldirik izango arratsaldeko zortziak arte.
Ligaxkak eta finalerdiak
Goizez lau multzotako ligaxkak egongo dira jokoan. Talde bakoitzean lau klub egongo dira eta sailkatzen diren lehenengoak urrezko faseko finalerdietara pasako dira. Bigarrenak, aldiz, zilarrezko fasean egongo dira.
17:30etik aurrera erabakiko dira txapeldunak eta baita hirugarren eta laugarren postuak ere. Amaitzeko, eta sari banaketa baino lehen, Okondoko eta Enkarterriko Selekzioek lagunarteko partida jokatuko dute, 19:30ean.
Azkenik, 20:00etan banatuko dituzte sariak. Kimu kategorian neskek eta mutilek jokatzen dute talde berean eta kirolari gazteak ikusteko aukera paregabea eskainiko du Okondo Cup-ek. Parte hartuko duten kluben artean Barakaldo, Santutxu, Leioa edota Etorkizun daude.