2019an abiatutako ibilbide judiziala itxi du behin-betiko Arabako Probintzia Auzitegiak, Jon Escuza Okondoko alkatea absolbituta. Hain zuzen, Okondo Aurrera talde independenteak salatu zuen 2018ko azaroan eta hainbat senide modu irregularrean erroldatzea leporatu zion.
Horren ondorioz, prebarikazio, hauteskunde-delitu eta ustezko dokumentu-faltsutze delituak egotzi zizkion Okondo Aurrerak.
Aiaraldea Komunikabideak jakin izan zuen udal hauteskundeak baino lehen epaileek absolbitu zutela Jon Escuza, baina alkateak nahiago izan zuen ezer ez zabaltzea erabakia guztiz irmoa izan arte, helegitea aurkezteko tartea baitzegoen eta bide hori hartu zuen Okondo Aurrerak.
Horrela, irailaren 14an epaitegiak berretsi du lehen epaia eta kasua artxibatu du, Escuza albsolbituta.
Zehazki, auto judizialak frogatutzat jotzen du Jon Escuza del Campok ez zuela udal-errolda aldatzeko eskumenik, hirugarrenei alta emanez eta izena emanez, eta ez zuela hauteskunde-errolda aldatzeko gaitasunik.
Araba Buru Batzarrak oharra zabaldu du honen guztiaren harira eta adierazi du salaketaren helburua izan zela Jon Escuzaren "irudia lokaztu eta zarata sortzea, estrategia politiko baten parte".