Gaurko udalbatzan EAJk eta EH Bilduk adostu dute Limpiezas Abandori isuna jartzeko espedientea hastea, dagozkion ardurak ez betetzeagatik. Orain 15 egun izango ditu konpainiak helegiteak aurkezteko, isuna egikaritu baino lehen.
2.336 euroko zigorra ezarriko liokete enpresari ekimenak aurrera egingo balu eta kexak bide ezberdinetatik heldu dira. Esaterako, Okondo Eskolak Udalari adierazi zion garbiketa lanak ez zirela modu egokian egiten. Edonola ere, gaurko udalbatzan azaldu dute udaletxean ere ez dela zerbitzua behar den moduan eskaini.
Dena den, ez da lehen aldia Okondoko Udalak neurri hori hartu behar izan duela. Hain zuzen, aurrekoan espedientea abiatu zuten ordutegiak ez errespetatzeagatik.
Abstenitu den talde bakarrak, Okondo Aurrerak, argudiatu du ez duela informazio nahikoa jaso eta, besteak beste, enpresaren arduradunen bertsioa ere izatea interesgarria izango litzatekeela.