JON ESCUZA

“Gehiengo osoa izan arren, EH Bilduri proposatu genion gurekin osatzea gobernua, baina nahiago izan dute oposizioan egon”

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 10a, 19:54

Jon Escuza, Udaletxeko bere bulegoan. / Aiaraldea.eus

JON ESCUZA bigarren aldiz aurkeztu zen Okondoko alkategai gisa eta gehiengo osoa eskuratu zuen. Horri buruz, bere absoluzioari eta indarrean dauden proiektuei buruz mintzatu da.

Aurtengo hauteskundeetan alkategai moduan aurkeztuko zen lehenengoen artean izan zinen. Erabaki erraza izan zen zuretzat?

Hasteko, ez zen nire erabakia izan. Alderdiak eskatu zidan eta ez zen erraza izan. Lau urte oso biziak izan genituen pandemiaren ondorioz. Horrez gain, aita izan nintzen 2019an eta urte hauetan denbora ugari sakrifikatu behar izan dut, familiarekin une asko, alegia, udal ardurengatik. 

Gehiengo absolutua izan zenuten, zergatik uste duzu lortu zenutela?

Egia da lortu genuela, baina horrek ez du ezer aldatzen. Alde batetik, uste dut egindako lan gogorrari saria izan dela, oso urte zailak izan zirelako eta ondo baloratu du jendeak.

Horrez gain, egindakoa izan zen jarraitu behar dugun ildoa. Ondo egin dugu eta aitortu digute, baina horrela jarraitu behar dugu.

Zein da ezberdintasuna koalizioan (aurreko legealdian bezala) edo bakarrik gobernatzearen artean?

Ez dago ezberdintasunik. Aurreko legealdian bezala ari gara lanean. Lehen EH Bilduk ardura batzuk zituen eta guk beste batzuk. Alkatetza gurea zen, baina harremana oso ona zen. Aitortu beharra dago oso alderdi ezberdinak izan arren, primeran konpondu ginen.

Egun gu bakarrik gaude, baina EH Bilduri proposatu genion gurekin gobernatzea. Eurek nahiago izan zuten legealdia honetan oposizioan egotea eta errespetatu behar den erabakia da. 

Legealdi honetan EH Bilduk zinegotzi bakarra dauka eta gure gehiengo absolutua oso ondo badago ere, niri pena eman zidan EH Bilduk ordezkari bat galdu izana. Nire aburuz, ez zen merezitakoa. Hauteskundeen legea krudela da eta boza gutxi galdu arren, zinegotzi bat gabe geratu dira. 

Nire iritziz, beste alderdi batek galdu behar zuen zinegotzi hori, baina nire iritzia besterik ez da. Edonola ere, bost zinegotzi lortzeak poztu ninduen, baina buru hotz mantendu behar dugu, ez dugu loteria irabazi. Lanean jarraitu behar dugu.

"Salaketa, nire ustez, amorruaren ondorioa izan zen. Ez zuten onartu hauteskundeak galdu izana. Modu bat zen nire irudia zikintzeko hauteskundeei begira, baina ez zaio berebiziko garrantzirik eman"

Aurten ere absoluzioa lortu duzu, Okondo Aurrerak hauteskunde iruzurragatik salatu ostean.

Egiak bide bakarra dauka eta ni lasai egon naiz beti. Nik ez nuen ezer txarrik egin eta ez nuen ezer egin inor kaltetzeko. Hona lan egitera etorri gara eta gure alea jartzera herritarren mesederako.

Salaketa, nire ustez, amorruaren ondorioa izan zen. Ez zuten onartu hauteskundeak galdu izana. Modu bat zen nire irudia zikintzeko hauteskundeei begira, baina ez zaio berebiziko garrantzirik eman. Epaitegiak erabaki du eta jendeak argi dauka nik esaten nuena egia zela.

Zein da udal igerilekuen egungo egoera?

Orain obretan dago. Alde batetik, igerileku ertaina sortzea da helburua. Bere garaian bazegoen bat, baina estali zuten. Orain herritarrek eskatzen dute azpiegitura hori eta urratsa eman nahi izan dugu.

Bestalde, udalerriak behar du sozializaziorako eremu gehiago. Gure esku zegoen beste taberna bat sortzea, handiagoa, zerbitzu gehiago emango duena eta agian denbora gehiago irekiko duena.

Behar horien emaitza izan da egungo proiektua eta orain lana esleituta dago eta abenduan dute hasiera data, udako denboraldia hasten denean prest egon daitezen igerileku berria eta taberna. Igerilekuak zer ekarriko duen argi dago, tabernak, ordea, beste jarduera ekonomiko bat sortu nahi du, ez bakarrik igerilekuetan bainatu nahi dutenentzat, baizik eta herritar ororentzat. Definitzeke dago, baina asmoa da ahalik eta denbora gehien irekirik egotea taberna. Kontratuak zehaztuko du, baina gure nahia da irekita egotea ahal bezain beste. Izan ere, gure apustua da toki gehiago egotea okondoarrak batzeko eta aisialdia partekatzeko. 
Finantzazioari dagokionez, kanpoko bitarteko ugari erakarri ditugu, baina hasierako lizitazioan ez zenez inor aurkeztu, prezioa igo behar izan dugu. Izan ere, egungo egoerarekin (gerra, hornigaien eskasia eta garestitzea...) enpresek ez dute arriskurik hartzen. 

Esleipena eginda, prezio igoera bere gain hartu beharko du Udalak, baina jarraituko dugu dirulaguntzak bilatzen. Gure lana Udalari dirua aurreztea da.

Erronka garrantzitsua ere bada kiroldegiarena, zein da egoera?

Proiektua udalbatzan onartu zen eta Arabako Foru Aldundiarekin fintzen ari gara, euren exijentziak betetzeko. Oniritzia jaso ostean, plan finantzarioa osatuko dugu eta gero lizitazioa egingo dugu. Finantzaziori dagokionez, Aiaraldeko Plan Estrategikoak 1.250.000 euroko ekarpena egingo du eta Arabako Foru Aldundiak 630.000 euro. Proiektuak 2.015.000 euro inguru balioko du. Hala ere, saiatuko gara hurrengo urtean dirulaguntza deialdi gehiagotan parte hartzen; irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa... gastua murrizteko.

Guk beti egiten dugu finantzazio bilaketa hori. Udalak azken urteotan ez ditu mendiak ustiatu, berriro landatzen ari direlako eta hurrengo urtean ez da egingo. Bide errazena da ezer ez eskatzea, baina errazena akatsa da eta bitartekoak bilatu behar dira Okondok aurrera egin dezan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide