EH Bilduk aurtengo udal aurrekontuen kontra bozkatu du

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 18a, 08:00

EH Bilduk gogor kritikatu du nola jorratu diren udal aurrekontuak. / EH Bildu

Aurrekontuak lantzeko moduaren eta bere edukien kontra agertu da koalizioa.

Okondoko EH Bilduk prentsa oharra zabaldu du jakinarazteko udal aurrekontuen kontra bozkatu zuela otsailaren 9ko udalbatzan. Aurrekontuek, edonola ere, aurrera egin zuten EAJren babesarekin eta Okondo Aurrera taldearen abstentzioarekin.

Koalizioak erabateko desadostasuna adierazi du hiru arrazoirengatik: landu den prozeduragatik, ekarpenak egiteko tarte eskasagatik eta zenbait edukirengatik.

Lanketari dagokionez, EH Bilduk honakoa azaldu du: "Udal Gobernuak astebeteko tartea eman zuen horiek lantzeko eta proposamen propioak gehitzeko. Astebete geroago, otsailaren 2an, dagokion batzordera eraman ziren eztabaidara. Ordubetekoa izan zen batzordea: ordu erdi erabili zen aurrekontuak azaltzeko, eta beste ordu erdia gainerako talde politikoek gure proposamenen zertzeladak emateko, horietan sakondu ezinik".

Gauzak horrela, EAJk ez ohiko osoko bilkura deitu zuen aurrekontuak onartzeko: "Gure proposamenetako bat bakarrik gehitu ahal izan dugu, eta ez dugu inolako partidarik gehitu bizi dugun larrialdi klimatikorako. Gure proposamenetako bat da komunitate energetikoak bultzatzea edo teilatu publikoetan plaka fotovoltaikoak jartzea".

Euskaran eta Berdintasunean talka

Aipatutakoaz gain, EH Bilduk beste bi erabaki kritikatu ditu aurrekontuen edukietan. Alde batetik, euskara sustatzera bideratutako partida 2.500 eurotan murriztu izana deitoratu du: "zenbateko hori kultura arlora bideratu dela esan dute, baina bi partida horiek batuz gero, batura aurreko urteko aurrekontukoa baino txikiagoa da. Gure ustez, bi partida horiek ez lirateke nahastu behar, diru gehiago bideratu beharko litzateke euskara beken bidez edo euskarazko ekitaldi esklusiboen bidez sustatzeko.

Egoera hori bera errepikatu da berdintasunaren arloan: "Era berean, berdintasunera bideratutako partida bateratu dute, airean dagoen proiektu bat sortzeko, berdintasunarekin zerikusirik ez duena. Horrela, ez da inolako partidarik utzi herritarren berdintasunaren arloko prestakuntzarako".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide