Altxa Burua Okondo taldea sortu berri dute zenbait familiek smartphoneen erabilerari buruz hausnartzeko eta gurasoei proposatzeko gailu hori izateko adina 16 urteetan finkatzea, gutxienez, eta pixkanaka-pixkanaka eta adingabeak lagunduta egitea.
Izan ere, familiek kezka agertu dute teknologia mota horiek daukaten eraginagatik adingabeen hezkuntza garapenean eta baita arlo pertsonalean eta emozionalean ere.
Zehazki, Altxa Burua Okondoko kideen xedeetako bat da egungo joera iraultzea eta lehen smartphonea erosteko presioa atzeratzea.
Bide anitzak jorratuko dituzte horretarako. Hasteko, adin goiztiarrean Internetarako sarbidea duen gailuen eragin kaltegarriak jakinarazi nahi dituzte. Halaber, zabalpen lan horrekin neurriak ere bultzatu eta adostu nahi dituzte ikastetxeekin; jazarpena, cyberbullinga eta eduki desegokien kontsumoa ekiditeko.
Ahalegin horretan, Altxa Burua Okondok Udalarekin elkarlan harremana sustatu nahi du. "Mugimendu hau estatuan sortu da eta Gobernuan eragitea da bere asmoa. Guk Okondoko Udalarekin lan egin nahi dugu".
Euren edukiak partekatzeko Telegram kanala (AltxaburuaOkondo) eta posta helbidea ere sortu dute: altxaburuaokondo@gmail.com. Web orrialdea ere badute.
Taldeko kideek ahalik eta gehien zabaldu nahi dute eztabaida, baina tokikotasuna lehenesten dute. "Aiarako familia batzuekin egon gara harremanetan, eta idealena izango litzateke eurek talde propioa sortzea". Orozkon ere badago talde bat, nahiz eta jarduera publikorik ez izan, momentuz.