Okondoko emakumeei buruzko liburua idazteko bilera egingo dute ostegunean

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 5a, 14:45

Inma Roizek bideratuko du proiektua. / Aiaraldea.eus

Inma Roizek bideratuko du proiektua, Artziniegan eta Aiaran egin bezala, eta herritarren parte hartzearekin sortuko dute testua. Ostegunean izango da lehen bilera, 18:00etan udal liburutegian.

Okondoko emakumeen historiari eta ekarpenei buruzko liburua prestatzeko deia zabaldu du Udaleko Berdintasun Arloak. Hitzordua ostegunean izango da 18:00etan. Udal ordezkariek azalduko dute egitasmoa Inma Roizekin batera. Izan ere, idazle okondoarrak  hartuko du bere gain proiektua bideratzeko ardura, bere lankide batekin. Baina hori bai, modu parte hartzailean garatuko dute.

Berez, testu horretan herriko emakumeek komunitateari egin dioten ekarpena eta euren bizitzak islatu nahi dituzte, adin guztiak aintzat hartuta. Horretarako, ezinbestekoa izango da herritarren parte hartzea.

Inma Roizen asmoa da kronologikoki eta adinka lantzea liburua, baina proposamen bat baino ez da. "Okondoko emakumeekin erabakiko dugu zer egin. Nire ideia da adinka sortzea taldeak eta eurekin solasaldiak egitea, baina bestelako proposamenak badituzte, ba aldatuko dugu planteamendua", argitu du Roizek.

Okondoko Udalaren helburua da edukia lantzea aurten eta 2025ko martxoaren 8an aurkeztea liburua. Horretarako, herriko ahalik eta emakume gehien batu nahi dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide