Atzo Arabako Batzar Nagusietako Lur Jareetako bilkura izan zen Okondon. Protokoloa jarraitu ostean eta Aitor Aspuru aiararrak eta Iraia Aspuru amurrioarrak aurreskua dantzatu ondoren, Jon Escuza alkateak hartu zuen hitza ongi etorria egiteko ordezkari arabarrei.
Gero, ohitura jarraiki Lur Jareetako bilerari dagokionez, gai bakarra jorratu zuten, abeltzaintza, hain zuzen. Eztabaidaren emaitza izan zen Arabako Foru Aldundiak lan egingo duela abeltzainen burokrazia prozesua arintzeko Europar Batasuneko dirulaguntzak eskuratzeko. Horrez gain, diru kopuru horren ordainketa aurreratuko du aldundiak.
EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta PPk onartutako testuak bestelako ekimenak jaso ditu, adibidez, urtebetean zenbait esperientzia abiatzea tokiko espezieen erabilera sustatzeko eta suteak ekiditeko. Halaber, abeltzaintzak lurraldearen zaintzari egiten dion ekarpena ere aitortu dute.
Elkarrekin Podemosek hautatu zuen abstenitzea, bere ustez, Europar Batasunak egikaritzen dituen politikak baitira lehen sektorearen ataka larriaren sorburua. Vox alderdiko ordezkari bakarrak, aldiz, kontra bozkatu zuen.
Argazkiak: Aitor Aspuru, Javi Aspuru